Milaka euskaltzale bildu ditu Korrikak Bilbon

Arratsaldeko 17.00ak inguruan Zorrotzatik iritsi da Korrika eta 21.30ak aldera San Inaziotik irten da ia 40 kilometroko ibilbidea egin ostean Bilboko auzo eta kale nagusietatik. Milaka eta milaka izan dira euskararen festarekin bat egin duten korrikalariak.

NAIZ|2017/04/06 15:17
Loading player...

20. Korrikak Sodupe eta Alonsotegitik ekin dio Bilborako bideari. 17.00ak aldera sartu da hiriburuan, Zorrotzatik, eta lau ordu eta erdiz ibili da auzoetan eta erdialdean zehar. Lehen lekukoa Bizkaiko hiriburuan Ongi etorri errefuxiatuak plataformako kideek eraman dute.

Zorrotzatik Altamira, Irala eta Abusu aldera jo du lasterketak. 19.00ak aldera Santutxutik igaro da Korrika eta ordu erdi beranguago Udaletxe paretik pasa da. Juan Mari Aburto alkateak hartu du lekukoa. Alde Zaharrerantz jo dute gero eta hortik Kale Nagusia zeharkatuz San Mameseraino iritsi dira. Athleticek eraman du lekukoa 20.00ak pasata.

Berriro erdigunerantz bueltatu dira, hortik Guggenheim museorantz –Etxerat elkarteko ordezkariek bertan hartu dute lekukoa–, Euskalduna eta Deusturantza.

San Inazio auzoan, lekukoak bilbotarrak agurtu eta Txorierrirantz egin du. Gauerdian, Korrika zale andana bilduko da Txorierri eta Arratia artean, Usansolon. Izan ere, bost kilometroko tartean, 22 kilometro birtual eta beste horrenbeste lekuko aldaketa izango dira.

Ostiral goizaldean, Korrikak Arratiako herriak zeharkatuko ditu. Araba aldean, Gorbeia azpiko herrietan ibiliko dira lasterka korrikalariak gaua uxatzen. Egunsentiak Barrerilla mendatea jaisten harrapatuko du 20. Korrika, 07.30ak jota Urduñan sartzeko prest. Azken txanpan sartzear da euskararen aldeko lasterkaldia, zeinek igande eguerdian harrapatuko duen Iruñeko helmuga, hiri zabalduko den jai berezi batekin.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK