Aitor Huizi
HUNTZA-ko biolinista

Udako «sentsazioa» dira. Gaztetasunak dituen balio guztiak dituzte, batez ere energia eta ilusioa. Baita jarioa ere. Horrekin guztiarekin eta beren musika alaiarekin, amaiera bikaina emango diote lau eguneko zoramen honi.

«Guretzat ohore bat da Hatortxu Rockera gonbidatuak izatea»
Koldo Otamendi|2017/07/30 13:00
0730_huntza
Huntza.

Taldeak urtebete egin berri du agertokietan. Abiadura bizia duen ibilbidea izan da zuena. Nolakoak izan dira hilabete hauek?
Eromena izan da, intentsitate handiko momentuak bizi izan ditugu, zentzu onean eta ez hain onean ere bai. Asko ari gara ikasten, eta, esperientzia gogorra izateaz gain, oso berezia da hau gu guztiontzat. Zalantzarik gabe, denbora luzean gogoratuko ditugu iragandako hilabete hauek.

Zer ekarri du Huntzak? Euskal musikak behar zuen freskotasuna, beharbada?
Batzuek freskotasuna aipatu dute, beste batzuek 90eko hamarkadako trikipop estiloaren erreleboa, izan da estilo horren bertsio berri bat garela esan duenik ere... eta tira, ez litzateke egokia guk erabakitzea zer den jendearengan hainbeste eragin duena, baina hipotesiak horiek dira. Guk gustura egiten dugu egiten duguna, asko gozatzen dugu agertokian, bai eta agertokitik kanpo ere.

Uda osoa kontzertuz kontzertu daramazue, baina berezia izango da Hatortxu bezalako jaialdi batean aritzea...
Dudarik gabe. Hilabeteak dira Hatortxu Rocken esperoan gaudela. Guretzat pribilegioa da gonbidatuak izatea, ohorea, eta erregalia gisa hartzen dugu; hargatik plazer handia izango da bertan jotzea. Hain jaialdi garrantzitsua izanik presio eta exijentzia puntu bat ere badugu gure gain.

Gaur arratsean ariko zarete, eguzki azpian. Halere, badirudi edozein une dela egokia musika eta dantzak bat egin dezaten Huntzaren konpainian, ezen, zuen emanaldietan dantza asko egiten da...
Bai, dudarik gabe, musika alaia eta arina da gurea, dantzagarria. Bide horretan, gu ere makina bat izerdi botatakoak gara agertoki gainean, eta ziur gaude igandeko kontzertuan ere halaxe ibiliko garela, bai gu, baita ikusleak ere.

Aurrera begira, zeintzuk izango dira zuen proiektuak? Zein dira emango dituzuen pausoak?
Uda honetan kontzertu asko eman baditugu ere, oraindik asko dugu ikasteko eta hobetzeko. Bestalde, oraindik herri asko daude bisitatu ez ditugunak, eta batzuk behintzat bisitatuko ditugu uda bukatu aurretik. Horiek izango dira, beraz, gure helburuak epe motzean; lana gogor egitea eta herriz herri jendea gozaraztea.