NAIZ
Barañain

Karmele Gogoanek ‘Lotzaileak’ dinamika aurkeztu du «memoria bizirik mantendu» asmoz

Dispertsio politikaren ondorioz 2004ko abenduaren 6an hil zen Karmele Solaguren. Gaur, Barañainen, bere oroimenezko ekitaldia egin dute eta bertan, «memoria bizirik mantendu eta berriro ere gertu daitekeela» gogorarazi asmoz ‘Lotzaileak’ dinamika aurkeztu dute.

Oihal zatien bitartez lotuko du memoria ‘Lotzaileak’ ekimenak. (Karmele Gogoan)
Oihal zatien bitartez lotuko du memoria ‘Lotzaileak’ ekimenak. (Karmele Gogoan)

Gaur 13 urte, Karmele Solaguren, Barañaingo bizilaguna, errepidean hil zen etxetik 400 kilometrotara espetxeratuta zuten Ekain semea ikustera zihoanean. «Oroimenez, gogoz, konpromisoz, tristuraz eta zergatik ez, pozez betetako 13 urte izan dira», adierazi du Karmele Gogoan ekimenak Barañainen egindako ekitaldian.

Ekainean inauguratu zuten bere oroimenez egindako monolitoa. «Inongo instituzioek ez dute zurekin gertatutakoa aitortu, eta hori gutxi balitz, gure ondotik eraman zintuen espetxe politika berdinak indarrean jarraitzen du egun», salatu dute.  Honen aurrean, monolitoaren bitartez, dispertsio politikaren ondorioz errepidean zendu diren 16 pertsonak ekarri dituzte gogora, baita astebururo «oraindik ere» errepidera atera behar direnak ere.

Dispertsio politikaren biktimaren aitortza eskatu dute, kontrakoak «ardurak ekiditeko nahia» baino ez duela islatzen adieraziz.

‘Lotzaileak’ dinamika aurkeztu dute

Karmele Gogoan ekimenak ‘Lotzaileak’ dinamika jarri du abian, «memoria bizirik mantendu eta berriro ere gertu daitekeela» gogorarazi asmoz. Herritarren esku utzi dute dinamika honen eboluzioa. Urtero, Barañaingo bizilagun batek edo batzuek oihal zati bat hartuko dute eta bertan hausnarketa bat idatzi. Oihal zati hau aurreko urtekoari lotuko zaio eta pertsona honek edo hauek erabakiko dute zeinek egingo duen hurrengo urtean.

Oihal kate hau «erantzunkizunaren irudi» izatea nahi dute eta, modu berean, sektore ezberdinen eta bizilagunen batuketaren isla. Urtero, abenduaren 6arekin, Karmele Solagurenen omenez egindako monolitoa jantziko du oihal honek. «Memoria kolektiboaren eta partaidetzaren eredu izan behar du ekimen honek».

Kate honi hasiera Jose Luis Gerrak, Karmele Solagurenen bikote zenak, eman dio hasiera, azken honen oihal zatiak lotuz. Aurten, lehen lotzaileak Maialen Baztan eta Idauze Zaratiegi izanen dira. «Gaztetasuna emakume irudiarekin da haien bitartez dinamikari hasiera eman diona».