@MartxeloDiaz
IRUÑEA

NUPen Erizaintza ikasketak euskaraz izatea aldarrikatu dute

Nafarroako Unibertsitate Publkoan (NUP) Erizaintza ikasketak euskaraz izatea aldarrikatu dute gaur Osasun Zientzien Fakultatearen ataria. Ikasle Abertzaleak-ek, Behatokiak, LABek, ELAk, Steilasek eta Iruñeko Euskalgintzak bat egiten dute eskari honekin.

NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean gaur egin duten agerraldia. (@MartxeloDiaz)
NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean gaur egin duten agerraldia. (@MartxeloDiaz)

Osasunbideko erizain Bakartxo Razkinek salatu duenez «urtetan ez da neurri erangigarririk hartu osasun alorrean herritarrak euskaraz atendituak izan daitetzen». Nafarroako Gobernuaren erantzunkizuna nabarmendu du. Egun, Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da %50era heltzen. «Zehazki, Nafarroako Ospitale Gunean ez dago euskarazko profila duen lanpostu bakar bat ere», gaineratu du Razkinek. Izan ere, 2007an eta 2009an UPNren Gobernuak egin zituen Lan Eskaintza Publikoetan (LEP) 1.500 lanpostuetatik soilik hamarretan eskatzen zen euskara ezagutzea. Gobernu berriak egin duen LEPean, berriz, alemana, ingelesa eta ingelesari bi puntu ematen zaizkio eta euskari 0 puntu «eremu ez euskaldunean», 1,17 puntu «mistoan» eta 2,34 puntu «eremu euskaldunean».

Egungo egoera aldatzeko urgentziaz hartu beharreko bi neurri daudela adierazi du erizain honek. Alde batetik, hizkuntza eskakizuna ezarri behar da lanpostuetan. Bestalde, lanpostu horietarako profesionalak prestatu behar dira eta horretan NUPek ardura du. «Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzea lehentasunezkoa da», aldarrikatu du.

NUPeko ikasle Markel Floresek Unibertsitatera heldu arte ikasketa guztiak euskaraz egin zituela azaldu du. «NUPen euskaraz formatzen ez gaituztelarik, ondotik osasun publikoan zerbitzua euskaraz bermatzea zailtzen da. Larriagoa da afera, aintzat hartzen badugu NUPen Erizaintza graduan matrikulatuak gauden ikasleen erdiak baino gehiago euskaldunak garela», gaineratu du.

EHUko ikasle Lorea Martinezek Erizaintza euskaraz ikasi ahal izateko Nafarroatik kanpora, Donostiako Ibaeta kanpusera, joan behar izan duela gogoratu du. Zentzugabetzat jo du egoera hau, «are gehiago NUPek bere plan estrategikoan ikasleak erakartzeko ildoak definitzen dituenean, baina bertako ikasleak uxatzen gaitu graduak euskaraz ez eskaintzagatik».