NAIZ
BILBO

Martxoaren 8ko grebarekin bat egin eta lanuzteak erregistratu ditu gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaiak eta Hiruk Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako deitu dituen lanuzteen deialdia erregistratu dute Bilbon, Lakuako Gobernuaren Lan Ordezkaritzan. Greba egiteko «ehunka arraozoi» daudela defendatu dute.

Gehiengo sindikalaren ordezkariek martxoaren 8ko lanuzteak erregistratu dituzte Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Gehiengo sindikalaren ordezkariek martxoaren 8ko lanuzteak erregistratu dituzte Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko gehiengo sindikalaren ordezkaritza batek erregistratu du Bilbon, Lakuako Gobernuaren Lan Ordezkaritzan, martxoaren 8rako «Emakumeok planto» lelopean antolatu diren lanuzteen deialdia. Bihar gauza bera egingo dute Iruñean. Lanuzteak lau ordukoak izango dira, 11.00etatik 15.00etara eta 18.00etatik 22.00etara.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen grebarekin bat egin dute sindikatuek eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Deialdia erregistratu ondoren komunikabideen aurrean sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dutenez, «ehunka arrazoi» daude egun horretan greba egiteko. ELAko Leire Txakartegik salatu duenez, emakumeek urtean gizonek baino 7.500 euro gutxiago irabazten dute eta prekarietate tasa handiagoak pairatzen dituzte. Indarkeria matxista eta «inolako errekonozimendu sozialik gabe» egiten dituzten zaintza lanak ere aipatu ditu.

«Martxoaren 8ko grebarekin ikusarazi nahi dugu sistema honek ez duela funtzionatzen emakumeen ekarpenik gabe, bai lan munduan bai etxean», ohartarazi du.

Enplegu hutsaz harago doan greba izango dela adierazi du, eta lau ardatz izango dituela: lana, zaintza betebeharrak, kontsumoa eta irakaskuntza. Sindikatuek lau orduko lanuzteak deitu dituzte lantokietan, emakumeek greba egin ahal izan dezaten eta mobilizazioetan parte hartu ahal dezaten.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, «sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek zaplakuntza hiruikotza inposatzen du: klase, genero eta arrazaren araberakoa». Bizitzaren esparru guztietan prekarizazioa hedatzen ari dela eta «kapitalarekin dugun talka horrek modu berezituan emakumeei» eragiten diela erantsi du.

Gaur egun oraindik sexu eta arrazaren araberako lan banaketaz hitz egin behar da Aranbururen iritziz: «Lan produktibo eta erreproduktiboak bereizi egiten dira. Emakumeon ardurapean daude nagusiki zaintza lanak. Lan horiek ikusiezinak eta bigarren mailako bilakatzen ditu sistema honek. Lan munduan ere desberdintasunak nabariak dira. Ez dugu aukera berdintasunik lan mundurako sarbidean eta lan munduan egiten ditugun lanei balio sozial txikiagoa aitortzen zaie. Beraz, soldata arrakala izugarria da, lanaldi partzialak nagusiki emakumeentzat dira eta orokorrean lan baldintza prekarioagoetan lan egin behar dugu».

Horregatik, sindikatuek uste dute martxoaren 8koa ez dela «defentsarako greba hutsa» eta «eredu osoa aldatuko duen proposamen politikoekin» aterako dira kalera.