Iker Gallastegi, «Gudari»-ren semea eta hiru presoren osaba, zendu da

Eli Gallastegi «Gudari» zenaren semeetako bat, Iker, zendu da. Militantzia politiko sakona eta luzea izan du. 1962 urtean konfinatua izan zen, ETAren sorrera ahalbidetu zuen EGIko kide zenean, eta 2009an zigortu egin zuen Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea» leporatuta.

NAIZ|2018/02/12 18:35

Iker Gallastegik bizitza osoan bizkarrean eraman du jazarpen politikoaren zama, besteak beste, aita Eli espetxean eta atzerrian izan zuelako (Estatu frantsesean, Irlandan...). Hura bezala, ezker abertzaleko militante sutsua izan zen Iker gazte-gaztetik, ETArekin bat egingo zuen EGIko adarreko kide izan zelarik. Borroka armatuaren beharraz mintzo zen, esaterako, 1962ean Parisetik: «Arrazoitu nahi duenarekin, arrazoia erabiliko dugu. Baina aginkeria armatuaren aurrean, armei eusten dien abertzaletasuna baino ezin daiteke nagusitu».

1974an hil zen Eli Gallastegi «Gudari». Eta orain zendu da Iker, 90 urte baino gehiago zituela. Jada 83 urte zituenean, 2009an, 15 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, Tele5 telebista kateari egindako adierazpen batzuetan ETAren jarduna «goratzea» egotzita.

Orduan Irantzu Gallastegi presoaren osaba zela nabarmendu zuten hedabide espainolek. Hiru dira espainiar kartzeletan uzten dituen ilobak: Irantzu Huelvan, Orkatz Castellon eta Lexuri Almerian.