Pentsioen igoera «irrigarriaren» aurka, protesta egin dute Bilbon

«Duin» bizi nahi dute pentsiodunek, eta ondorengoek ere hala egitea desio dute. Besteak beste, aldarri hori izan dute Bilbon egin duten elkarretaratzean. Pentsio handiagoak nahi dituzte, gizarte-bazterkeria saihesteko.

NAIZ|BILBO|2018/02/12 16:50
Pentsiodunak_bilbo
Udaletxe parean elkartu dira pentsiodunak. (ARGAZKI PRESS)

Ehunka lagun elkartu dira astelehen eguerdi honetan Bilboko udaletxe parean. Aitzakia, Gobernu espainiarrak pentsioak %0,25 igo izana, igoera «irrigarria» protesta egin dutenen esanetan. Ordu erdiz egin dute protesta, hainbat pankarta eta kartel eskuan hartuta; pentsioen igoera salatzearekin batera, pentsio pribatuei atea parez-pare ireki izana ere salatu dute.

Manifestarien helburua da pentsioak KPI-aren arabera igotzea. Izan ere, %1,2 igo zen aipatu indizea iragan urtean; Gobernu espainiarrak, baina, %0,25 igo ditu pentsioak. Igoera honen ondoriotzat jo dute, esaterako, erosteko ahalmena galdu izana, eta salatu dute pentsiodun asko gizarte-bazterkeria egoeran aurkitzen direla.

Ildo horretan, deialdi berri bat iragarri dute hilaren 22rako. Honen helburua litzateke giza kontzientzian eragitea, «gizarte osoak egin dezan pentsio duinen aldeko borroka». Duin bizi nahi dute pentsiodunek, eta ondorengoak ere hala bizitzea nahiko lukete.

Hilaren 22ko manifestazioa Bilboko udaletxetik abiatuko da, eta Gobernu espainiarrak Bizkaiko hiriburuan duen Ordezkaritzaordetzaren parean amaituko da. Pentsioen igoera izango dute aldarri nagusitzat, honek KPI-aren bilakaera eraman dezala defendatuz. Era berean, pentsioak Europar Batasuneko gainerako herrialdeekin homologatzea eskatuko dute.