naiz

ELAk martxoaren 14 eta 15ean haurreskoletan deitutako grebak mantendu ditu

LABek Haurreskoletan Lakuarekin sinaturiko akordioak sektoreko egoera larriari erantzuten ez diola argudiatuta, ELAk martxoaren 14 eta 15erako deitutako grebak mantentzea erabaki du. «Abenduko proposamenarekiko ez du apenas aldaketarik suposatzen eta azken urteetan ezarritako murrizketa nagusiak mantentzen ditu», adierazi du sindikatuak.

Haurreskoletako langileak, aurreko agerraldi batean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Haurreskoletako langileak, aurreko agerraldi batean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

LAB sindikatuak Haurreskoletan martxoaren 14 eta 15erako deitutako greba bertan behera utzi zuen, Lakuarekin akordio batera iritsi ostean. Hala ere, akordio honek «arazo larriei» ez diela erantzuten ulertuta, deialdia mantentzea erabaki du ELAk.

«Sindikatuon aldarrikapen nagusienetakoa izan den doakotasunaren inguruan Lakua ez du inolako proposamenik egin», adierazi du ELAk ohar baten bidez. Behin behinekotasunaren inguruan, LEPa lantzeko, ratio irizpide hobeen inguruan, eros ahalmenaren berreskurapena, gaixotasun bajen ez zigortzea edota erretiroaren inguruan ere neurririk ez dela jasotzen azpimarratu du.

Era berean, mobilizazioen garrantzia nabarmendu du, «negoziazio mahaiak desbloketatu eta hainbat eduki partzial» mahai gainean jarri direla aldarrikatuz. Hala ere, «beharretatik urrun» daudela berretsi du sindikatuak. «Akordioak beraz, ez dio sektoreko egoera larriari erantzuten, abenduko proposamenarekiko ez du aldaketa nabarmenik suposatzen eta azken urteetan ezarritako murrizketa nagusiak mantentzen ditu».

Bestetik, Lakuak greba eta mobilizazioa «kriminalizatzeko» saiakerak egin dituela adierazi du. Honen aurrean «tamalgarritzat» jo du «LABek, azken hilabete luzeetan masiboki 5 greba egin eta kalera atera diren ehunka langileri bizkarra eman eta gure aldarrikapenei erantzuten ez dion akordioa sinatu izana».