NAIZ
BAIONA

Covitek eta Jean-Rene Etchegarayk bilera egingo dute datorren ostiralean Donostian

Covitek bilera egingo du datorren astean Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakari den Jean-Rene Etchegarayrekin. Atzo bertan, biktimen elkarteko presidenteak, Consuelo Ordoñezek, jakinarazi zuen Michel Tubiana eta Txetx Etcheverry bake artisauekin biltzeari uko egin diola.

Ruben Mugica, Vicent Bru diputatua agurtzen, otsailaren 27an egin zuten bilkuran. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ruben Mugica, Vicent Bru diputatua agurtzen, otsailaren 27an egin zuten bilkuran. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

ETAren biktimen elkartearen iturriak aipatuta Efe agentziak berri eman duenez, heldu den ostiralean, hilak 23, izango da Covite eta Etchegarayren arteko bilera, arratsaldeko 15.00etan, elkarteak Donostian daukan egoitzan.

Ruben Mugica elkarteko buruzagiak hartuko du parte bileran, Etchegarayri Coviteren iritziaren berri emateko.

Ordoñez eta Mugicak egoitza horretan bertan egin zuten bilkura, otsailaren 27an, Max Brisson Les Républicains alderdiko senatariarekin eta Vicent Bru En Marcheko diputatuarekin. Hitzordu hartan, euskal presoak hurbiltzeko Parisko Gobernuak hartutako erabakiarekin ados agertu zen Covite, legeak zehazten dituen irizpideak betetzen dituzten presoei mugatzen delako.

Nola Etchegaray hala Bru eta Brisson, Estatu frantseseko ordezkariekin elkarrizketetan ari diren erakunde eta eragileek osatutako ordezkaritzako kide dira.

Atzo bertan, Txetx Etcheverry eta Michel Tubiana bakegileei bidalitako gutuna publiko egin zuen Ordoñezek, artisauek eskainitako bilerari uko egiten diola jakinarazteko.

ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeagatik auziperatuta daudela gogorarazi zien eta, hortaz, haiekin aurrez aurreko bakarra epaitegietan izatea nahi dutela gaineratu zuen. Erakundearen armen eta armagabetze prozesuari buruzko informazioa eskatu zien.