naiz
Gasteiz

Baskoniak babesle nagusia izango du berriz eta Kirolbet Baskonia izango du izena

Kirolbet Baskonia izango da saskibaloi talde gasteiztarraren izena hemendik aurrera, bi aldeek babesletzarako akordioa sinatu ostean. 2016ko irailetik babesle nagusirik gabe zegoen Baskonia, eta ostegunean Valentzia Basketen aurkako partidan estreinatuko dute izen berria. Ostiralean bi aldeek egingo duten agerraldian, aldiz, xehetasun guztiak emanen dituzte.

Baskonia eta Zalguiris Kaunasen arteko partida. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Baskonia eta Zalguiris Kaunasen arteko partida. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Baskonia saskibaloi taldeak akordioa lortu du Kirolbet apustu etxearekin, eta asteazken honetatik aurrera Kirolbet Baskonia izenarekin lehiatuko da. Baskonia-Alaves Taldearen apustu etxe ofiziala da Kirolbet.

«Beren sektoreetan erreferentzia diren bi euskal enpresen arteko akordioak etapa berria bermatuko dio taldeari, proiektu sendo batekin, eta estatuan zein nazioartean maila lehiakorra mantentzeko beharrezko egonkortasuna emango dio», esan du Baskoniak ohar baten bidez.

Kirolbet 2016tik zen talde gasteiztarraren babesle ofiziala, eta orain lotura hori indartu dute akordio honen bitartez. Gasteizko taldeak ostegunean estreinatuko du izen berria, Valentzia Basketen aurka jokatuko duen Endesa Ligako 27. jardunaldian.

Saski Baskoniako eta Kirolbet Taldeko arduradunek ostiralean emango dituzte bi aldeen arteko akordioaren inguruko xehetasunak, elkarrekin egingo duten agerraldi batean, gaur ez dute-eta iraupenaren ezta terminoen inguruko informazio gehiagorik eman.

2016ko irailera bitarte Laboral Kutxa izan zen Baskoniaren babesle nagusi, baina ordutik gasteiztarrak Baskonia izenarekin soilik aritu dira.