NAIZ
BAIONA

Indar metaketaren aldeko aldarria egin dute Baionan, manifestazio jendetsu eta anitzean

68ko Maiatzaren 50. urtemugaren karietara, orduko izpiritua berreskuratzeko eta indar metaketarako deia egin dute sindikatuek Baionako karriketan. Azken urteotako manifestazio jendetsu eta anitzena izan da, 3.000tik gora lagun bilduta.

Emmanuel Macron presidente frantsesak egin asmo dituen erreformak protagonista izan dira Ipar Euskal Herrian Maiatzaren Lehenean, Baionan 3.000tik gora lagun bildu dituen manifestazioan. Erreforma horiei aurre egiteko, aurten 50. urtemuga duen 68ko Maiatzaren izpirituari erreferenzia egin eta indar metaketaren aldeko apustua egin dute sindikatuek.

LAB, UNSA eta CFDT elkarrekin joan dira pankarta atzean, beste hainbat antolakunde eta kolektiborekin batera eta, CGT, FO eta FSU, aldiz, bakoitza bere aldetik.

Greban dauden trenbideetako langileen aldeko elkartasun keinu ugari izan dira mobilizazioan, eta baita pentsiodunen borrokaren aldekoak ere.

Migranteen eta beraien eskubideen aldeko mezuak ere presente egon dira Baionako hitzorduan, Bizi! mugimenduaren eskutik. Manifestazioa abiatu aurretik sindikatuek egin dituzten hitzartzeetan indarkeria sexistak eraildako emakumeak eta ‘Manada’ delakoaren auziaren sententzia ere izan dituzte aipagai.

Maulen ere egin dute manifestazioa Maiatzaren Lehenaren harira.