Erraustegiaren lanak gelditu eta dauden azpiegiturak baliatzeko eskatu du GuraSOSek

Bizkaiko Aldundiak Zabalgarbi erabiltzeko Gipuzkoari egin dion eskaintzak agerian utzi du, GuraSOSen esanetan, «Donostian eraikitzen ari den errauste-planta ez dela beharrezkoa». Egun martxan dauden azpiegiturak «eraginkortasunez» erabiltzea posible dela uste dute, horretarako «borondate politikoa» behar dela azpimarratuz.

NAIZ|DONOSTIA|2018/05/16 11:54|3 iruzkin
Gurasos
GuraSOSen agerraldia, gaur Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Koldo Mitxelenan egindako agerraldian, eraikitzen ari diren erraustegiaren beharraren inguruko eztabaida «gainditua» dagoela adierazi du GuraSOS plataformak, eta argi mintzatu da: «teknikoki posible da gaur egun jada martxan dauden azpiegiturak eraginkortasunez baliatzea». «Borondate politikoa baino ez da behar», gaineratu dute.

«Berandu baino lehen», Zubietako plantaren lanak gelditu eta gatazkaren «konpontze-fase adostu batera» pasatzeko beharra nabarmendu du plataformak.

Bizkaiko Aldundiak Zabalgarbi erabiltzeko Gipuzkoari eginiko eskaintzaren harira, azpimarratu dute eskaintza egin izanak berak erakusten duela erraustegia «ez dela beharrezkoa». Eman diren datuen inguruko analisia ere egin dute eta ondorioztatu dute Zabalgarbi erabiliz eta hondakinek aurretik trataera egokia jasoz gero, Gipuzkoak 16.000 tona baino gutxiago izango lituzke bideratzeko, «erraustegiaren proiektuan aurreikusitako 2000.000 tonako gaitasunetik oso urrun».

GuraSOSen aburuz, «esan beharrik ez dago kopurua hain txikia izanik, horrek ez duela inondik ere justifikatzen ekonomikoki zein ingurumenaren ikuspegitik hain garestia den azpiegitura».

Horregatik, galdera planteatu dute: «Nola da posible austeritaterako deia egiten den garai hauetan 1.000.000.000 euro (6.000 familiako) gastatu nahi izatea beharrezkoa ez den azpiegitura batean?».

Lakuako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, «arazoaren oinarrian bere utzikeria» dagoela iritzita eta ezin duelako «benbora gehiagoz ezkutuan geratu». Bere ardura eta konpetentziak erabiltzeko deia egin diote Iñigo Urkullu buru duen Exekutiboari.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK