35 ikastaro, jardunaldi eta tailer eskainiko ditu UEUk Udako Ikastaroen 46. edizioan

UEUk 35 ikastaro, jardunaldi eta tailer antolatu ditu 46. Udako Ikastaroen baitan, azken urteetako arrakasta errepikatzeko helburuarekin. Iazko lelo berdina aukeratu dute aurten ere, hau da, ‘Elkar Ekin’, udakoak elkarlanean antolatu eta jakintza berriak sortzen direla azpimarratzen jarraitzeko asmoz.

NAIZ|IRUÑEA|2018/05/24 13:26
Udako-ikastaroak
Iruñean aurkeztu dute UEUko Udako Ikastaroen 46. edizioa. (UEU)

Gasteizen egingo den euskara batuaren inguruko jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei, ekainaren 21ean. Gainera, Iruñean egoitza iraunkorra estreinatuko da, eta Baionan barnetegia berreskuratuko dute, Bernat Etxepare lizeoarekin lortutako hitzarmenari esker. Dagoeneko matrikula zabalik dago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean.

UEUko 46. Udako Ikastaroak Iruñean aurkeztu dituzte gaur, Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak.

Iciarrek adierazi du 35 jarduera antolatu dituztela aurten, baina ehundik gora ikastaro proposamen jaso dituztela, eta, beraz, «aukeraketa egitea zaila» izan dela, «jasotako ideiak oso onak izan direlako».

Iruñean zazpi ikastaro egingo dira, Eibarren 15 ikastaro eta hiru jardunaldi, Baionan zazpi ikastaro, eta Gasteizen, Usurbilen eta Donostian jardunaldi bana.

Sei formatu desberdinetako ikastaroak daude: ikastaro espezializatuak (aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da), dibulgazioko ikastaroak (interes orokorrekoak eta jakintza maila zehatzik ez da behar), garapen pertsonaleko ikastaroak, jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak.

Laguntza garrantzitsuak daude aurten UEUko Udako Ikastaroetan parte hartzeko. Horrela, ikasle, langabe eta jubilatuen matrikuletan beherapenak eskaintzen ditu UEUk. Gainera, Bizkaiko unibertsitateko ikasle eta ikasle ohi langabeek matrikula, egoitza eta joan-etorria doan dute (prozedura UEUren webgunean dago).

Euskal Herriko hainbat udalek ere diru laguntzak emango dituzte beren herritarrentzat eta «Berrialagunek» UEUko bazkideek duten deskontu bera izango dute.