NAIZ
DONOSTIA

Historiaurreko Euskal Herriko lehen hiri-planoa izan litekeena aurkitu dute Anoetan

Historiaurreko Euskal Herriko lehen hiri-planoa izan litekeen aurkitu dute Basagainen, Anoetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez.

Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan litekeena. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri-planoa izan litekeena. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Denis Itxasko Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak eta Xabier Peñalver arkeologoak eman dute aurkikuntza «bikainaren» berri. Basagaineko gotortutako herrixkan topatu dute pieza, Anoetan, eta historiaurreko Euskal Herriko lehen hiri-planoa izan litekeela uste dute.

Peñalverrek eta Eloisa Uriarte arkeologoek 25 urte daramatzate Basagaingo aztarnategian lanean, eta hipotesi hori lehenetsi dute. 

Aurkitutako hareharri triasikoko harlauzak 36,5 zentimetroko luzera du, 29,5eko zabalera eta 3,5-4 zentimetroko lodiera. Bere gainazaletako bat osorik grabatua dago eta azalera hori bi zati berdintsutan banatuta dago bi lerro paraleloen bidez, piezaren luzeraren noranzkoan. Alde banatan banda errektangeluarrak marraztu dira, batzuetan zerrenden bidez bereizita daudenak. Banda horietan, edo ondo zehaztutako espazio horietan, noranzko ezberdinetan egindako zeharkako grabatu zuzenak daude, eta espazio horietako batzuk X batez markatuta daude bereziki.

Konparazio lan ugari egin ondoren, Peñalverrek interpretazio hipotesi bat aurkeztu du aldaeraren batekin: «Uste dugu harlauza horretan irudikatzen dena Basagain herrixkaren zati baten oinplanoa dela; ardatza edo kale nagusia alderik alde zehaztuta dago, eta alde banatan etxebizitzak izan daitezkeenak irudikatuta daude, beren artean ondo bereizita. Seinaleek, eta (X) marka batzuek, azpimarratzen dute irudikapenaren zati horien indibidualizazioa».

Azaldu duenez, trazatu horrek, baldin eta erdiko kale baten alde banatan lerrokatutako etxeak dituen hiri-plano bati badagokio, antzekotasunak dauzka, besteak beste, Arabako Guardia herriko La Hoya herrixkan eta Nafarroako Cortes herriko Alto de la Cruz herrixkan aurkitutako hiri egiturekin.

Beste hipotesi bat ere planteatzen da, hau da, lursail bereizien irudikapena izatea, non marka desberdinen bidez adierazita dauden jabetzak, labore motak edo bestelako alderdi batzuk. Herrixkaren alderdiren baten irudikapena izango balitz, garai hartako kasu bakarra izango litzateke orain arte, aditu horien arabera.

Bigarren Burdin Aroko giza egonlekua da Basagain, aroa aldatu aurreko azken mendeetan leku horretan dokumentatuta dagoena, baina berriki egindako aurkikuntza batzuek luzatu egiten dute egonleku horretako bizitza gure aroaren lehenengo uneetara arte.