Athleticentzat Euskal Herriko Txapela, Realari gol bakarrekin irabazita

Athleticek bereganatu du Euskal Herria Txapela, finalean Realari gol bakarrarekin irabazita. Bigarren zatiaren hasieran Williamsek egin du gol bakarra, eta amaieran txuri-urdinak berdinketa lortzen saiatu diren arren, bizkaitarrek eutsi egin diote errentari.

naiz|Irun|2018/08/04 19:49
Ehtxapela
Ikurriña eskuan hartuta atera dira zelaira Athletic eta Reala. (Iñigo URIZ / FOKU)

Talde biak batera irten dira zelaira, kapitainak ikurriñarekin Miren de la Hozek egin du ohorezko sakea. De la Hozek egin zuen 1976 Iribarrek eta Kortabarriak atera zuten ikurriña eta gaur omendu egin nahi izan dute.

Euskal Herriko Txapela zegoen jokoan gaurkoan, eta garbi utzi dute bi taldeek hasiera-hasieratik hau ez zela aurredenboraldiko beste partida bat. Erritmo bizian ekin diote norgehiagokari, eta aukerak bi aldeetan izan dira lehen 20 minutuetan, baina inork ez du bere taldea aurreratzen asmatu. Oyarzabalek gertu izan du Merinoren pase eder baten ostean, eta Muniainek eta Nuñezek Athletic aurreratu ahal izan dute, baina Kepak lehenbizi, eta Gorosabel eta Rullik ondoren, ezer-ezean utzi dituzte abaguneak.

Bero zegoen Irunen, eta hala adostuta, 25. minutuan ura hartzeko etena egin dute partidan. Baloia bizkaitarrena zen, eta erosoago zirudien Gal Stadiumen berdegunean. Erritmoa apalten joan da minutuak aurrera egin ahala, beroa eta denboraldi garaiaren eraginez.

Partida, baina, bigarren zatia hastearekin batera aldatu da. Realak atera du zelai erditik, Merinok leku txarrean baloia galdu, Susaetak ongi eraman eta Williamsek ederki gurutzatu du Athletic aurretik jartzeko.

Golak nagusitasun handiagoa eman dio Berizzoren taldeari hasiera batean, eta Realak, aldiz, ez du kolpeari buelta ematen asmatu. Hala ere, Athleticek behera egin du fisikoki, eta txuri-urdinak saiatu egin dira neurketa berdintzen, baina azken metroetan asmatzea falta izan zaio Asier Garitanoren taldeari.

Amaieran, gehiegi sufritu gabe, Athleticek eraman du Euskal Herriko Txapela.