naiz

Mikel Landa ez da Vueltako irteeran izanen

Mikel Landak ez du Vuelta lehiatuko Donostiako Klasikoan izan zuen erorikoaren eraginez. Hala iragarri du Movistar taldeak. Bere ordez, Richard Carapaz arituko da. Irailaren 2tik 9ra egingo den Britainia Handiko itzulia dute orain jomuga, nahiz eta ezin duten bermatu ordurako osaturik egonen denik.

Mikel Landak ikuskizuna eskaini zuen Tourreko mendiko azken etapan. (Jeff PACHOUD / AFP)
Mikel Landak ikuskizuna eskaini zuen Tourreko mendiko azken etapan. (Jeff PACHOUD / AFP)

Mikel Landa arabarrak ezingo du aurtengo Vueltan parte hartu. Movistarrek jakinarazi duenez, Donostiako Klasikoan izan zuen erorikoari, Tourreko 9. etapan izan zuena gehitu behar zaio. «15 egun hauetan gogor egin dugu lan Mikelek errekuperazio maila altu bat izan zezan, baina ezinezkoa izan da», azaldu du taldeko buru Eusebio Unzuek. Bere ordez, Giroan laugarren postuan sailkatu zen Richard Carapaz ekuatoriarra izanen da.

«Egun hobeak eta txarragoak izan ditu, baina gaur egun ez dago irteera hartzeko moduan», gaineratu du. «Gutxieneko baldintza batzuk» eskatzen zituzten Malagako hasieran egoteko eta bizkarreko minak eta sahietsetako hausturak ez dute aukerarik eman.

Beraz, Landaren itzulera atzeratu egingo da. Irailaren 2tik 9ra egingo den Britainia Handiko itzulia dute orain jomuga, nahiz eta ezin duten bermatu ordurako osaturik egonen denik. «Zortzi eguneko lehia gogorra da, eta uste dugu Innsbruckeko munduko txapelketarako behar duen forma eman diezaiokeela», azpimarratu du.

Errekuperazio lanetan lagundu duten Javier Barrios eta Mikel Sanchez doktoreei eta Alavesi eskerrak eman nahi izan dizkiote, txirrindulari arabarrari haien instalazioetan errekuperazioan lan egiteko aukera emateagatik.