NAIZ
IRUÑEA

Langile bat hil zen iragan astean Nafarroan, LABek salatu duenez

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, iragan abuztuaren 27an 58 urteko langile bat hil zen Atondo herrian, bertako etxe partikular batean egiten ari diren lanetan.

Lan istripu baten aurkako elkarretaratzea Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lan istripu baten aurkako elkarretaratzea Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

LABek ohar batean jakinarazi duenez, joan zen astelehenean ezbeharra izan zen Atondoko etxe partikular batean eta 58 urteko langile bat hil zen.

Lan istripuaren nondik norakoak «guztiz arraroak eta kontraesankorrak» izan direla azaldu du LABek, eta albiste «lazgarria» ez dela hedabideetara iritsi salatu. «Informazio ofiziala nahiko eskasa da, Foruzaingoa gertaera ikertzen ari baita oraindik. LABek jakin duen informazioa baieztatuko balitz, oso gertaera larrien aitzinean geundeke», nabarmendu du.

Hildako langilearen senideei elkartasun eta babesa helarazi die sindikatu abertzaleak, eta ikerketa lehenbailehen bukatzeko eta erantzukizun guztiak «behar bezala argitzeko» exijitu du.

LABek «erabateko lan prekarietatearen testuinguruan» kokatu du istripu hau. «Behar handiko egoera sozial bat, gero eta gutxiago arauturik dagoen eraikuntza sektorean dagoen zaintza falta eta langile klasearen aurka eginiko legedia batzen diren honetan, pertsona anitz behartuta dago halako ondorioak dituzten sasi-esklabotzako lan baldintzak onartzera», ohartarazi du.

Uda honetan Nafarroan hamaika langile hil direla gogora ekarri du sindikatuak, eta «odoluste hau» bukatzeko aldarrikatu du. Nafarroako Gobernuari eta espainiar Estatuko Lan Ikuskaritzari eskatu die berehalako neurriak har ditzatela lanpostuetan langile gehiago hil ez daitezen.