Maitasuna globo batean

Louis Garrelek maitasun istorio bati heldu dio ‘L'homme fidèle’ filmean, hiruko harreman bati bide emanez. Laetitia Castarekin eta Lily-Rose Deppekin aurkeztu du filma Donostiako Zinemaldiko lehia ofizialean.

Ariane Kamio|Donostia|2018/09/22 11:20
Zinemaldia_1
Filmeko lantaldea, Kursaal atarian. (Jon URBE/FOKU)

Marianne, Eve eta Abelen arteko triangelua sortu du Louis Garrel zuzendari eta aktoreak ‘L'homme fidèle’ filmean. Laetitia Casta, Lily-Rose Depp eta Garrel berak osatzen ditue interpretazio hirukoa lanean.

Marianne eta Abel bikote dira unibertsitate garaian, baina egun batetik bestera lehenengoak bigarrena utziko du, haurdun dagoelako, eta haurra ez delako berea, Paulena baizik. Etxea utzi, Paulekin ezkondu eta elkarren harremana etengo da, bederatzi urte beranduago Paulen heriotzak berriro batuko dituen arte.

Maitasun harreman ez ohikoa planteatzen du Garrelek, esentzialismoetatik urrun. Eve, Paulen arreba gazteak, betitik du Abelekiko obsesioa, eta berriro elkartu den bikotearen artean sartuko da. «Nik Eve-ena egiten dut, Paulen arreba txikia naiz. Txiki txikitatik maiteminduta dago, hazi egiten da, emakume bihurtzen da, eta emakume bihurtze horrekin ikusten du bere nahiak, ametsak bete ahal izango dituela. Uste dut hori oso interesgarria dela eta bere bizitzan duen trantsizio hori erraza dela ulertzea. Denok konturatzen gara dagoeneko ez zarela neskatxo bat, emakume bat zarela eta hor badator botere bat emakume izatearekin. Pertsonaian hori ikus dezakegu, nola hazi den, eta nola sentitzen duen presa hori bere burua adierazteko eta beti amestutako hori lortzeko eta baita ere erakusten digu emakume izateak duen botere hori», esan du Lily-Rose Deppek.

Genero zehatzik gabeko lana da ‘L'homme fidèle’, bai baitu komediatik dramatik bezain beste. «Komedia bat da baina drama ere bada. Drama bada, baina komedia ere bada. Ezin da etiketatu. Thrillerra izan daiteke, suspentsea ere badu. Generoak nahastuta daude eta ezin da zehaztu. Hori positiboa dela uste dut. Ez zait gustatzen ni ere definitua izatea», nabarmendu du Louis Garrel zuzendari eta aktoreak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK