NAIZ
BILBO

Hilaren 27an Bilbon egingo den Feministon Herria eguneko egitaraua aurkeztu dute

Bilbon egingo den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketaren harira, hilaren 27rako antolatu duten Feministon Herria antolatu dute. Solasaldi, mahai-inguru eta bestelakoez gain, manifestazio bat egingo dute, 17.30ean, Arriagatik abiatuta.

Feministon Herria eguneko egitarauaren aurkezpena.
Feministon Herria eguneko egitarauaren aurkezpena.

Bilbok hartuko du aurten, hilaren 22tik 28ra, Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketaren hamaikagarren edizioa, ‘Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!’ lemapean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzordu horrek munduko hainbat txokotako emakumeak ekarriko ditu Bizkaiko hiriburura, tartean Kurdistan, Palestina, Venezuela, Mozambike, Tunisia, Kuba, Filipinak, Belgika, Pakistan edota Brasilgoak.

Bi urtean behin egiten den topaketa honen baitan, bilera itxiak egingo dituzte mundu osoko ordezkaritzek urriaren 23tik 26ra.

Zita aprobetxatuta, baina, egitarau paralelo bat antolatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Bi ekitaldi nabarmendu nahi izan dituzte bereziki. 

Alde batetik, hilaren 22an, nazioartetik datozen emakumeei harrera egiteko Bizkaia Aretoan antolatu duten ekitaldia, arratsaldeko 18.00etan hasiko dena, eta bertaratu nahi duenarentzako irekia izango dena.

Egun osoko egitaraua

Urriaren 27rako Feministon Herria eguna antolatu dute Bilboko Areatzan, Euskal Herriko mugimendu feministak martxan dituen alternatibak erakusteko xedea duena.

10.00etan egingo den gosariak emango dio hasiera egunari eta, arratsaldeko 15.00etan bazkaltzeko ordua iritsi arte solasaldi eta mahai-inguruak hartuko dute goiza, performance batekin batera.

Arratsaldeko 17.30ean manifestazio bat abiatuko da Arriagatik eta ondoren, 19.30ean hasita, kontzertuak prestatu dituzte, Mice, Sustraians, Ni Tuya Ni Yuta eta Gora Etorri taldeekin.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren webgunean aurki daitezke prestatutako ekimen desberdinen xehetasunak.