Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Lapurdiko hiriburua alternatiben hiria bilakatuko da asteburu batez

Klima aldaketaren aurkako borroken geografian bere tokia hartuko du Baionak ondoko bi egunetan. Dagoeneko 2013an alternatiben lehen herrixka bertan iragan zen. Geroztik klima larrialdiari erantzuteko deiadarra mundu zabalean hedatu da. Paristik Dakarrera eta handik Haitira, bestelako eredua posible dela irudikatzeko keinuak biderkatu dira.

Alternatiba 2018ren aurkezpena gaur goizean egin dute Baionan. (@bizimugi)
Alternatiba 2018ren aurkezpena gaur goizean egin dute Baionan. (@bizimugi)

Iragan ekainean abiatu zen Paristik Euskal Herrian asteburu honetan bururatuko den ekimena. Alternatiba Itzuliak abantzu 6.000 kilometro zeharkatu eta 200 etapa bete ditu klima aldaketaren aurrean engaiamendu hartzeko prest diren herritarren tropela gero eta handiagoa dela erakutsiz. 

50.000 lagun inguru mobilizatu dira, bakoitza bere eskualdean, planeta arriskuan jartzen duten egitasmoak salatuz eta eredu aldaketaren aldeko proposamenak plazaratuz. Bilana zinez baikorra da. Bost estatuen gaindi ibili den txirrinda biraren baitan 120 ekintzatik goiti burutu dituzte eta 2.000 herritar inguruk formazioak jaso dituzte «gizarte justu eta jasangarria» helburu duten ekimenetan aurrerantzean ere parte ahal izateko. 

2013an Baionatik abiatu zen lehenengo bira. Aurten, ordea, biraren helmuga izanen da Lapurdiko hiriburua larunbat honetan. Hala ere badira egun batzuk tropela gure artean dagoela. Tourra asteazkenean sartu baitzen Euskal Herrian, Mauletik. 

Alternatiba eta Bizi Xiberoa elkarteen eskutik hitzaldia antolatu zuten klima aldaketen aurrean erresistentzia prozesuak aztertzeko. Ostegunean, berriz, laborantza iraunkor eta herrikoi baten alde Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) burutzen duen lana ezagutzeko parada izan zuten txirrindulariek Ainhize-Monjolosen antolaturiko geldialdiari esker. Handik trantsizio ekologikoaren alde jarduten dutek elkarteen proposamenak ezagutzeko parada ukan zuten, Ezpeletako tokiko ekoizle eta ofizialeen merkatura bertaratuz.

Beran zein Donostian, harrera  

Alternatibaren berri izanen dute Nafarroa Garaian, Beran harrera egin ziotelako ostiral eguerdian birari bazkari herrikoi baten bueltan. Arratsaldean, berriz, ekitaldia antolatu dute Donostian (18.00etan Katalunia plazatik bizikletaz atera eta ekitaldia eginen dute 19.00etan Gipuzkoa plazan), erraustegiaren aurrean eta oro har azpiegitura suntsitzaileen ordez alternatibak aldarrikatzeko.

Alternatiba itzulia Lapurdiko kostan murgilduko da larunbat goizean. Antolatzaileek hitzordua eman dute 10.45tan Ziburu eta Donibane arteko zubian txirrindulari taldearekin biraren azken kilometroak egiteko eta nahi duen herritarrei bertan elkartzeko gonbita egin diete.

Biarritz eta Angelutik gaindi Baionako Paul Bert plazan bere helmugarat helduko da bira, larunbatean, arratsaldeko bostak aldera. 

200 pertsonalitate

Adgar Morin frantziar soziologo eta Alternatibaren aitaponteko eta Vandana Shiva indiar idazle eta militante ekofeministak zuzenduriko agurrak entzungo dira «Aldatu dezagun sistema ez klima» lelopean iraganen den hasierako mitinean, larunbat arratsaldean. 

Izan ere, orotara 200 bat pertsonalitatek bat egin dute Alternatibak emandako hitzorduarekin. 

Horiekin batera tokiko elkarteek lan frango eginen dute lehenengo alternatiba herrixka hartatik honat Euskal Herrian jorratutako bidea erakusteko. Energia laborantza, aurrezki solidarioa, elikadura edo hondakinen alorrean bidean jarri diren hainbat egitasmo gertutik ezagutzeko parada izanen da. 

Hasi baino lehen ekimenaren xifrak zinez potokoak dira: 50 bat hitzaldi eta mahai-inguru, 300 bat erakusmahai eta eraskusketa, eta hamarnaka tailer, formazio saio eta kultur emanaldi proposatuko dituzte. Planeta eta gizartearen alde jarduteko ordua dela mezua zabalduko duen ekimenaren zaintza hartuz mila bat lagunek lan bolondresa eginen dute ametsez beteriko asteburuan.