2019ko Aberri Eguna modu bateratuan antolatzea proposatu du Independentistak Sareak

Datorren urteko Aberri Eguna «gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatuta» antolatzearen aldeko deia egin du Independentistak Sareak Euskal Herriko erdigune geografikotik.

NAIZ|2018/10/14|2 iruzkin
Independentistak
Mendi martxako partaideak, Irañetako Basakoetxea bordan. (NAIZ.EUS)

Euskal Herriko erdigune geografikora mendi martxa egin du taldetxo batek Independentistak Sareak antolatuta eta, bertatik, 2019ko Aberri Egunari buruzko proposamen bat egin dute.

Azken urteotan Kataluniara begira gaudela deritzo Independentistak Sareak eta, zentzu horretan, bi arteko herrien indarrak batzeko garaia dela uste du. «Hemen ere prozesu soberanista martxan jarri eta Kataluniarekin batera, estrategia komun baten bitartez, Estatu autoritarioari aurre egin eta bi herriok independentziaren bidean aurrera egiteko ordua da».

Aipatu burujabetza prozesu horri begira, euskal egutegi politikoko data garrantzitsutzat dauka Aberri Eguna Independentistak Sareak; berak antolatu ditu azken bederatzi Aberri Egunak. «Orain, jauzi berri bat egiteko unea iritsi dela uste dugu».

«Balizko burujabetza prozesu bati begira Aberri Egunak bere tokia eta bere papera izan beharko luke; Diadak Kataluniako prozesuan duen garrantzia hartu dezakegu erreferentzia moduan». Ildo horretan, datorren urteko Aberri Egunean urratsa egitea planteatzen dute: «Gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua antolatzea proposatzen dugu».

Gaia hausnartzeko eskatu die Independentistak Sareak eragile desberdinei eta datozen asteotan hauekin guztiekin harremanetan jartzeko prest agertu da.