Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa Gasteizen bildu da gaur goizean eta bertan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkarek erabaki dute Auzitegi Goren espainiarrak duela gutxi amatasun eta aitatasun bajei buruz atera duen ebazpenari jarraitzea.
Hala, Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen amatasun eta aitatasun bajak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzetik (PFEZ) salbuetsita egongo dira, epai horren irizpideei jarraiki.
Gipuzkoa eta Bizkaiaren kasuan, neurriak azken lau urteetan amatasun laguntza jaso duten zergadunei eragingo die, 2014tik aurrera, eta aitatasuna jaso dutenei, kasu horretan onartu zirenetik aurrera, hau da, 2018ko uztailetik aurrera.
Zergadunak berak egin beharko dio itzulketa eskaera dagokion Foru Aldundiko Ogasunari.
Arabari dagokionez, 2013tik eginiko atxikipenak itzuliko ditu Foru Aldundiak.
Auzitegi Gorenaren epaiak berez ez die eragiten EAEko hiru herrialdeei, Kontzertu Ekonomikoaren arabera lurralde historikoek zerga araudi propioa baitute. Hala ere, zergadunaren «segurtasun juridikoa» salbuestea helburu hartuta, Foru Ogasunek Auzitegi Gorenaren irizpideak jarraitzea erabaki dute.
Nafarroari dagokionez, Gobernuak kenkarien formula hautatu du PFEZetik salbuetsita dauden amatasun eta aitatasun prestazioak itzultzeko. Neurria 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da indarrean.