NAIZ
DONOSTIA

Hautetsontziak prest Donostian, azaroaren 18ko galdeketarako

Astelehen honetan emango diote hasiera Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin azaroaren 18ko galdeketarako bozka aurreratuari. Agerraldi jendetsua egin dute gaur Donostian iragarpena egiteko; bertan izan dira, besteak beste, Andoni Etxebeste GBBko kidea eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia.

Hautetsontziak iritsi dira Donostiara. (NAIZ.EUS)
Hautetsontziak iritsi dira Donostiara. (NAIZ.EUS)

Asteon entregatu du Gure Esku Dagok erabakitzeko arrazoien bilduma Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarrean. Herritarron Ituna deituriko dokumentu horrek euskal herritarren erabakitzeko «nahia, ilusioa eta konpromisoa» adierazten du, «erabakitzeko beharraren adierazle dira».

Behar horri erantzunez, eta erabakitzeko eskubidea gauzatuz, galdeketak egingo dira azaroaren 18an Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin.

Aitzindari izango dira aipatu galdeketak, Donostia izango baita hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua. «Gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektibo izugarria eskatzen du erronkak», adierazi dute gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan egin duten agerraldian. «Beste behin erakutsiko dugu herritarron garela etorkizunaren protagonistak».

Hiru aste geratzen diren kontsulta egunerako, baina lan «luzea» egin dute aurrez; esaterako, 9.500 donostiarren sinadurak jaso dituzte eta galdera prozesu parte hartzaile baten ondorioz adostu dute.

Donostiako 14 auzotara eramango dituzte hautetsontziak eta 37 izango dira, guztira, hirian zehar zabalduko dituzten hauteslekuak. Honakoa izango da donostiarrek erantzungo duten galdera: «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?». 150.000 donostiar inguruk izango dute bozka emateko eskubidea.

1.000 lagunetik gora beharko dituzte galdeketa posible egiteko eta gaurko agerraldia baliatu nahi izan dute donostiarrak boluntario izen emateko animatzeko.

Gaur arte, 203 herritan antolatu ditu galdeketak Gure Esku Dagok eta 189.000 izan dira euren etorkizun politikoaz erabakitzeko aukera izan duten euskal herritarrak.