NAIZ

Euskaltzaindiak ‘Erlea’ aldizkariaren 12. eta azken zenbakia aurkeztu du

Euskaltzaindiak ‘Erlea’ aldizkariaren 12. eta azken zenbakia aurkeztu du gaur. Akademiaren mendeurrena du nagusi.

Andres Urrutia eta Bernardo Atxaga, ‘Erlea’ aldizkariaren azken alearekin. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Andres Urrutia eta Bernardo Atxaga, ‘Erlea’ aldizkariaren azken alearekin. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

‘Erlea’ aldizkari literarioaren 12. zenbakia aurkeztu du Euskaltzaindiak gaur Bilboko egoitzan. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bernardo Atxaga aldizkariko zuzendariak aurkeztu dute, eta Urrutiak adierazi du «hain ezagunak ez diren pasadizoak eta gertaerak» azaltzen direla publikazioan. Irakurleak «Euskaltzaindiaren barruak ezagutzeko aukera» ere izango duela gaineratu du.

2009an abiatu zen proiektua itxiko du 12. zenbakiak, eta Urrutiak azken ia hamar urteotan eginiko ahalegina nabarmendu du: «Hasiera-hasieratik, gure asmoa izan zen ‘Erlea’ euskal kulturako erreferenteetako bat bihurtzea, eta esango nuke lortu dugula, Bernardo, Asun Garikano, Txema Aranaz eta Pamielaren laguntzarekin, bestelako kolaboratzaile guztiak ahaztu gabe».

Lehen zenbakia kaleratu zenean, Atxagak agindu zuen aldizkari «profesionala» izango zela, zenbaki bakoitzak «atmosfera» jakin bat izango zuela, eta aldizkari guztiek jarraitu izan dute eredu edo lerroburu hori. «Tamalez, sortzaile batzuk kanpoan geratu dira, baina XXI. mende hasierako euskal sorkuntzaren lagin garrantzitsua da ‘Erlea’», esan du asteasuarrak.

‘Erlea’-ren ibilbidea amaitu arren, etorkizunean baliteke bestelako jarraipenik izatea, Atxagak berak aurreratu duenez: «Aurrerantzean, asmoa litzateke ‘Erlea’-ren antologia berezi batzuk argitaratzea. Bat egina daukat. Hori bai, gizarteak inplikatu beharko du horretan, antologia horiek ez baititut plazaratuko tartean eskaera jakin eta serio bat ez badago», ohartarazi du.

Ale honen gai nagusia Euskaltzaindiaren mendeurrena da eta Akademiaren ehun urteko historian oso garrantzitsuak izan diren gertaerak kontatzen dira bertan. Besteak beste, hastapenetako euskaltzainen profilak aletzen dira; gordetako testu batzuk agertu –‘ETAk euskarari buruz, 1962an’–; argazki berriak erakutsi –Gabriel Arestirenak, esaterako–; Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolaren arteko hizketaldi mamitsu bat proposatzen da...

Halaber, Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak erakusten dira; Txani Rodriguez eta Garbiñe Ubedaren kontakizunak; liburu iruzkinak; Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide edo Juan Luis Zabalaren testuak; eta Txema Larreari eginiko gorazarrea.