«Gu eta zure arteko zubia, zaharra eta berriaren arteko igarobidea, izan dadila lehena bezain emankorra bigarrena. Eskerrik asko eta laster arte!». Eider Olazar Azti Begia elkarteko lehendakariaren hitz horien ondoren, eta bazkide, kolaboratzaile eta langileei eskerrak eman ondoren, isildu da betiko Info7 Irratia, 13.15ean.
Itzali dugu betiko Info7 Irratia. 13 urtez eman diogu ahotsa herriari. “Zaharra eta berriaren arteko igarobidea, izan dadila lehena bezain emankorra bigarrena” pic.twitter.com/fsbH89Sdpz
— Info7 Irratia (@info7irratia) December 15, 2018
Ez da agur tristea izan baina, jakina baita proiektu berri baten mesedetan itzali dela Info7, eta horregatik egitasmo berria ere oso presente egon da azken irratsaio berezi honetan.
Agur festa bost ordu lehenago hasi da, goizeko 9.00etan, Urruñako erredakzioan. 200 lagun inguru bildu dira han, errotatiba zaharrean. Momentu ederrez beteta egon da lau orduko irratsaioa. Eider Olazarrek berak eta Jon Mikel Fernandezek gidatu dute saioko lehen zatia eta Info7 Irratiko hastapenak gogoratzeaz gain aurrera begira jarri dira Gari Mujika, Arantxa Manterola, Haritz Rodriguez, Juanpe Plaza, Iñaki Altuna... eta beste hainbat lagunekin. Protagonismo berezia izan dute ere Info7 Irratiarekin erredakzioa konpartitzen duten GARA, Mediabask eta Kazeta.eus eko kideek.
Ederra koadrila! #agurInfo7 pic.twitter.com/VI5e5ljl90
— Info7 Irratia (@info7irratia) December 15, 2018
Ez gara bakarrik aritu @info7irratia n, erredakzio kide ditugun @naiz_info @garanet @MediabaskInfo @kazetaeus eko lankideekin 2018ko errepasoa egiten#AgurInfo7 pic.twitter.com/WgLBc9HtwY
— EiderOlazarElduaien (@eiderolazar) 2018(e)ko abenduaren 15(a)
11.00etatik aurrera, Oinatz Aizpuruk eta Amaia Zurutuzak hartu dute saioaren lekukoa eta gidaritza. Dinamikoagoa izan da zati hau, hainbat ikuskizun tartekatuta, eta entzuleen agur beroak ere jaso dituzte. Agertokitik pasa dira urte hauetan guztietan kolaboratu duten hainbat, Agin Laburu bertsolaria, Kepa Matxain, edo Pelax eta Iñaki Rifaterra. Umorerik ez da falta izan saio berezi honetan, Mariano guardia zibila eta Jean Pier jendarmea hurbildu baitira Info7ko azken irratsaiora, eta hara, aitortu dute entuzle amorratuak izan direla hasieratik.
Bazkide, kolaboratzaile eta langile ohi ugari hurbildu dira Urruñara, horien artean Iñaki Soto GARAko zuzendaria, Ibon Altuna, Agus Hernan, Grazi Etxebehere, Kontxita Beitia (ikastoletako lehen andereñoa), Andoni Tolosa (musikaria) Oihiana Etxebebarrieta (EH Bilduko legebiltzarkidea), Arantza Satesteban, Allande Boutin (France3-ko kazetaria), Edurne Larrañaga (LAB sindikatua)...
‘Gure hitzak, esan berriz esan’
Ordu batak pasata iritsi da momenturik berezi eta hunkigarriena, irratiaren itzaltzea. Lau orduko irratsaioa eta gero, 13 urteko ikus-entzunezko laburpen bat ikusi dute bertaratutakoek. Mikel Laboaren ‘Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal’ entzun dira hainbat lagunen ahotik, eta txalo zaparrada baten ondoren Eider Olazarrek egin ditu azken hitzak, hasieran aipatu bezala.
Bazkide, kolaboratzaile eta langileei esker ona adierazi die, «proiektu hau egia bihurtu delako denei esker» eta orain hasiko den etapa berrian, «hasierako helburu eta ilusi berdinarekin» jarraituko dutela nabarmendu du. Guztiak gonbidatu ditu bide horretan lagun izatera. Eta beste txalo zaparrada baten ondoren, betirako isildu da Info7 irratia.