Jon Ormazabal

Behetik gora eginda, behar-beharrezko puntua lortu dute Altuna-Martijak (22-14)

Victor-Aretxabaleta 10-13 aurreratu dira baina azkenerako huts gehiegi pilatu dituzte.

Behetik gora egin du Altunak berak ere. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Behetik gora egin du Altunak berak ere. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Partida borobilik jokatu ez duten arren, gustura egoteko moduan dira Jokin Altuna eta Julen Martija, euren aukerei eusteko behar-beharrezkoa zuten puntua eskuratu dute eta Victor-Aretxabaletari 22-14 irabazi ostean.

Oso faborito irten da Aspeko bikotea eta hasieran alde polit baten jabe ere egin dira (8-3), baino gehiago izan da urdinek egindako hutsengatik eurek egindako joko onari esker baino. Hala ere, presiorik gabe aritu den Victor izan da lehen parte horretako protagonista. Besteak baino freskoago, galdu ahala egin ditu tantoak eta errioxarraren lan onari esker, aurrea hartu du Baikoko bikoteak, 8-10 hasieran eta 10-13 ondoren.

Altunaren ezker gantxoari kosta egin zaio martxan jartzea, Julen Martijak ere nabarmen egin du behetik gora bere jokoan eta partidaren gidoia erabat aldatu da. Gorriak hobetoxeago aritu dira, baina batez ere Baikoko bikotearen hutsek (14 eta eramateko bi sake) eman diete esperantza elikatzeko puntua.