NAIZ
DONOSTIA

«Inor ez da ilegala», arrazismo eta xenofobiaren aurkako oihua Donostian

Arrazismo eta xenofobiaren amaiera aldarrikatu dute 300 bat lagunek Donostian, ‘Inor ez da ilegala, pertsona guztiontzat eskubide guztiak’ lelopean. «Instituzioek herritarroi, izan migratzaile nahiz ez, dagozkigun eskubideak errespetatzeko batere borondaterik» agertzen ez dutelako Udaletxe, Gipuzkoako Diputazio eta Eusko Jaurlaritzaren delegaritzen aurrean elkartu dira.

«Inor ez da ilegala« lelopean Donostiako kaleak zeharkatu dituen manifestazioa. (Andoni CANELLADA/FOKU)
«Inor ez da ilegala« lelopean Donostiako kaleak zeharkatu dituen manifestazioa. (Andoni CANELLADA/FOKU)

‘Inor ez da ilegala, pertsona guztiontzat eskubide guztiak’ plataformak deituta –leloa ere bada–,  Donostiako erdialdeko kaleetan barrena egin du manifestazioak. Plataformak hogeita hamar erakunde elkartzen ditu, eta horien artean EH Bildu, Sortu, Ernai, LAB, Satorralaia, Irungo Harrera Sarea, Donostiako gune autogestionatuak (Kijera, Txantxarreka, Letaman eta Firestone) edo SOS Arrazakeria daude.

Boulebardetik abiatu eta bertan amaitu den manifestazioan, plataformaren bozeramaile batek «instituzioek herritarroi, izan migratzaile nahiz ez, dagozkigun eskubideak errespetatzeko batere borondaterik» agertzen ez dutelako Udaletxe, Gipuzkoako Diputazio eta Eusko Jaurlaritzaren delegaritzen aurrean elkartu direla adierazi du. «Aski da! ohiukatzeko bildu gara hemen eta behar beste alditan bilduko gara», ohartarazi du.

«Migrazioak ohiko fenomenoa direla jakitun gara, baina azken urteetan eman den errealitatearen gordintzeak berriz ere herritarrak gaiarekin sentsibilizarazi ditu. Gure ingurura begirada azkar bat botaz, gainera, argi ikusten dugu aurrerantzean ere larritasun honek jarraitu egingo duela», gaineratu du.

Kidearen hitzetan,  larritasuna ez du migrazioaren fenomenoak edo honen gorakadak eragiten; «hau ultra-eskuin, eskuin eta euren burua ezkertiartzat duten arrazista eta xenofobo talde baten diskurtsoa da». Gainera, «benetako larritasuna migratzaileen eskubideen urraketen gorakadak» dakarrela azaldu du. «Larritasuna instituzioen utzikeria eta, askotan, jarrera oldarkorrak dakarte. Praktika eta diskurtso xenofobo, arrazista eta matxistak elikatu dituzue urte luzez eta horra zuen emaitza», zehaztu du.

Euskal Herria, Harrera Herri bilakatu

Lehen harria jartzeko asmoz hasi zuten 'Inor ez da ilegala. Pertsona guztiontzat eskubide guztiak' ekimena. Antolatzaileen esanetan, «ekarpen, iritzi eta ideia guztiei irekia» jaio nahi duen ekimen bat da, «guztion indarra beharko dugulako parean dugun harritzar hori mugiarazteko, guztion indarra beharko dugulako hemen lan edo/eta bizi garen guztion eskubideak errespetatuak izatea lortzeko».

Euskal Herria, eta beraz, Donostia, «Harrera Herri bilakatu» nahi dute. Baina hortik harago, «bortxazko migrazioa zerk eragiten duen aztertu eta erroetara joatea ere» nahi dute. «Irabaziak pertsonen aurretik jartzen dituen sistema basati honen oinarriak zalantzan jarri ezean ez dugu inoiz guztion eskubideak errespetatuak izan daitezen lortuko».