naiz

Kontzertu sorta eskainiko du Berri Txarrakek Euskal Herrian otsaila eta martxoan

Azaroaren 23an esango du agur, Iruñean, Berri Txarrak taldeak. Bidean kontzertu ugari eskainiko dituztela jakina zen, baina gaur hainbat plaza iragarri dituzte otsaila eta martxorako. Gernika, Bilbo, Azpeitia, Lekunberri, Ibarra, Ondarroa, Durango, Gasteiz, Altsasu eta Hazparnen izanen da ´Beude´ izenarekin ezagutzera eman dute bira txiki hau.

Berri Txarrakek Euskal Herriko plaza ugari bisitatuko ditu. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Berri Txarrakek Euskal Herriko plaza ugari bisitatuko ditu. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jende ugari geratu da Berri Txarrakek azaroan Nafarroa Arenan joko dituen azken bi kontzertuetarako sarrerarik gabe. Baina orduan esandakoa baieztatu du taldeak: egonen da Euskal Herriko txoko ezberdinetan Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirreren akordeez gozatzeko aukera.

´Beude´ izenarekin batailatutako bira otsailaren 15ean hasiko da Gernikako Astran. Hilaren 19an eta 20an bi kontzertu joko dituzte Bilboko Kafe Antzokian eta 21ean Azpeitiako San Agustinen.

Otsailaren 23an etxean arituko dira Berri Txarrakeko kideak, Lekunberriko frontoian. Bertan igo zen estreineko aldiz agertoki batera taldea, 1994ko urriaren 15ean eta bertara itzuliko dira ia 25 urteren ostean.

Biharamunean Ibarrako gaztetxean izanen dira. Martxoaren 9 eta 10ean Durangoko Plateruenan joko dute eta 18an Ondarroako Bekoizinin. 19an arabar hiriburuko Jimmy Jazzen ariko dira eta 27an Altsasuko gaztetxean. Bira apirilaren 4ean itxiko dute Hazparneko Ttattolan.

Sarrerak tokian tokiko txarteldegietan bakarrik egonen dira salgai, bihartik, otsailaren 5eko 17:00etatik aurrera. Interneten ez da sarrerarik egongo.