NAIZ
GASTEIZ

Ia 140.000 sinadura Kongresuan, ‘Aita Mari’ eta ‘Open Arms’ ontzien itsasoratzearen alde

‘Aita Mari’ eta ‘Open Arms’ ontzi humanitarioetako kapitainek, Daniel Rivasek eta Oscar Campsek, Mediterraneoan migrante eta errefuxiatuak erreskatatzera joateko itsasoratu ahal izateko baimena eskatu diote Gobernu espainiarrari. Eskakizun hori babesten duten 139.000tik gora sinadura entregatu dituzte Madrilgo Kongresuan. 

‘Aita Mari’ ontzia, Pasaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
‘Aita Mari’ ontzia, Pasaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Salbamendurako prestatutako bi ontziek portuan segitzen dute, itsasoratu ezinik. 

Urtarrilean, Bartzelonako portutik ateratzeko baimenik ez zion eman Gobernu espainiarrak ‘Open Arms’ ontziari. Irizpide teknikoez gain, aurrez eginiko erreskateetan nazioarteko itunak urratu izana argudiatu zuen Exekutiboak. 

‘Aita Mari’, aldiz, azarotik dago prest lan humanitarioari ekiteko, ontzia horretarako propio prestatu eta gero. Baimenen zain daude oraindik. 

Rivas eta Camps kapitainek txarretsi egin dute Pedro Sanchezen Gobernuak izan duen jarrera, ekainean ‘Aquarius’ ontzia hartu izanak pentsarazi zielako migrazio politikan aldaketa bat bazegoela aurreko Exekutiboarekiko. 

«Ez dute nahi lekukorik egon dadin», salatu dute. 

139.000 sinadura horiek Kongresuan entregatu dituzten egun berean bi ontziak aipagai izan dituzte Gasteizko Legebiltzarrean. EH Bilduren ekimenez, Parlmentuak dei egin dio Gobernu espainiarrari ‘Aita Mari’ eta ‘Open Arms’ ontziei itsasoratzeko baimena eman diezaien. 

EAJk eta Elkarrekin Podemosek bere horretan babestu dute EH Bilduren testua. PPk eta PSEk, aldiz, partzialki babestu dute legez besteko proposamena.