Osakidetzako oposaketetako azterketetan irizpideak bateratzea eskatu die ESK sindikatuak epaileei

2016-2017ko Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetako azterketetan auzitegien arteko iritzi-ezberdintasuna salatu du ESK sindikatuak eta irizpideak bateratzea eskatu du.

naiz|2019/02/11 12:01
Ope-osakidetza
BECen egindako froga batetako irudia. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Gasteizko epaitegiak urtarrilean atzera bota zuen ESK sindikatuak hiru espezialitatetako azterketen errepikapena bertan behera uzteko eskaera. Ohar baten bidez, helegitea jarri dutela iragarri du Patxi Nicolau bozeramaileak eta epaitegiek «irizpideak bateratzeko» duten beharra nabarmendu du.

Hainbat mediku eta sindikatuk salatu zuten bere garaian zenbait azterketa filtratu egin zirela. Horren harira Osakidetzak ikerketa bat abiatu zuen eta bost azterketa errepikatzeko erabakia hartu zuen: Kardiologia, Anestesia eta Erreanimazioa eta Angiologia eta Kirurgia Baskularra.  Hainbat sindikatuk erabaki hau «ez zela nahikoa» adierazi zuten, filtrazioak 19 espezialitate ezberdinetan eman zirelako.

Hala, ESK, LAB eta hainbat pertsonek helegiteak jarri zituzten hiru azterketa horiek errepikatzearen aurka, baina Gasteizko bi epaitegi desberdinek epai kontrajarriak eman dituzte. Batek behin behinean behintzat azterketa horiek bertan behera uztea erabaki zuen, baina orain beste batek kontrakoa adierazi eta frogak errepikatzea hobetsi du.

ESK sindikatuak beste helegite bat jarri du azken erabaki honen aurrean eta irizpideak bateratzea eskatu die bi epaitegiei. «Osakidetzak azterketen epaitegi berriak izendatzea aztertu beharko luke, inpartzialtasuna bermatzeko modu seguru bakar gisa».