Deklarazio horrek aukera emango du ondasun horren balioa nabarmentzeko, «errekonozimendu handia baitu maila sozialean, artistikoan eta akademikoan», eta, era berean, baliogarria izango da erarik egokienean zaintzeko eta bere irisgarritasuna hobetzeko. Pauso horrek duen garrantzia azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak, obra horren balioa nabarmentzearren eta bere mantentzea ziurtatzearren.
«Haizearen Orraziaren Plazak eta Eskulturek osatzen duten multzoaren kalifikazioa Monumentu Multzo gisa, obra honekiko eta bere egileekiko errekonozimendu sozial bat ez ezik, bide bat da ondare honen mantentze egokia ziurtatzeko. Ekimen honen bitartez euskal gizarteak beste pauso bat eman nahi du Haizearen Orrazia eta honen egileak aitortzeko, bai eta multzoaren zaintza bermatzeko ere», adierazi du.
Eneko Goia alkatek, eskertu egin du Lakuak Monumentu Multzoari babes maila gorena emateko erakutsi duen «azkartasun eta prestasuna», duela hilabete batzuk «Donostiako Alde Zaharra babesteko egin zuen modura». Goiak azpimarratu du Haizearen Orraziaren babes maila gorena «behar beharrezkoa» dela, multzo guztiari «merezi duen balio eta errekonozimendua ematen baitio».