NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Talka espazio feminista hustu du Udaltzaingoak

Gasteizko Udaltzaingoak Alaba Belasko jauregian kokatua zegoen Talka espazio feminista hustu duela salatu dute. Mugimendu feministak salatu duenez, bi pertsona atxilotu eta beste hainbat identifikatu dituzte. Diotenez, udaltzainek ez dute erakutsi agindu judizialik. 

Jendetza hurbildu da Talka gunera. (NAIZ)
Jendetza hurbildu da Talka gunera. (NAIZ)

Talka espazio feministak berak sare sozialen bitartez jakinarazi du udaltzaingoak Alaba Belasko jauregian zeudela.

 

Iragan abenduan okupatu zuten Gasteizko Zapatagile kalean kokatuta dagoen eraikina bertan espazio feminista bat eratzeko. 

Hala Bedik berri eman duenez, goizeko 11.00ak aldera azaldu dira udaltzainak, eraikinean inolako ekintzarik egiten ari ez ziren une bat aprobetxatuz. 

Jarraian bertaratu diren pertsonei hamar minutu eman dizkiete barnera sartu eta beraien gauzak hartzeko. 

Ertzaintza ere bertaratu egin da eta udaltzainak inguruan protestan ari zirenen aurka oldartu direla salatu dute. 

Mugimendu feministaren arabera, bi pertsona atxilotu eta beste hainbat identifikatu dituzte. 

Poliziekin batera sarrailagintza enpresa bateko kideak ere agertu dira, eraikina ixteko asmoarekin. 

Agindurik gabe

Martxoaren 8rako egun gutxi falta direla gertatu da eraikinaren hutsaraztea. Eta, mugimendu feministak salatu duenez, agindu judizialik gabe sartu dira udaltzaingoak.

«Ilegala da egin dutena, agindurik ez zutelako. Hasieratik eskatu diegu, eta ez digute eman. Eta gainera oldartu dira eta jo gaituzte. Beraien jarrera oso lotsagarria izan da», nabarmendu dute.

Halaber, eraso honen aurrean altxatuko direla iragarri dute. «Zuena ez da feminismoa eta hau argi adierazten du», azaldu dute, EAJ-ren jokaera kritikatuz.