Sakonean
Suhiltzaileak protestan

Gipuzkoako suhiltzaileak haserre ibili dira azken asteotan. Aldundiak zerbitzu hau beste era batera emateko plana prestatu du, suhiltzaile parke batzuk itxiz eta beste berri batzuk zabalduz, baina langile kopurua igotzeko asmoa geroagoko utziz. Suhiltzaileek protesta egin dute, bai kalean eta bai zenbait udaletako pleno aretoetan, eta emaitza lortu dute, berehala 204 kide izatetik 252 izatera pasatuko baitira, Aldundiarekin lortu berri duten akordioari esker.

Gotzon Aranburu|2019/02/24 08:28
Loading player...

Zarauzko suhiltzaile parkean suertatu gara akordioaren berria iritsi denean; lehenengo telefono mugikorretara, eta ondoren bertatik bertara, negoziazioetan parte hartu duten Iñigo Arruti eta Josu Merino ailegatu direnean. Besarkadak eta aurpegi irrifartsuak nonahi, jai zeukaten suhiltzaileak ere bertaratu egin baitira, berri ona jaso bezain laster.

Hegoaldeko lau herrialdeetan antzera antolatuta dago suhiltzaile zerbitzua. Herrialde bakoitzean barreiatuta hainbat parke daude, eta handiena beti da hiriburua babesten duena, bertan bizi baita jende kopuru handiena. Parke horietako bakoitzak eskualde edo eremu jakin bati ematen dio zerbitzua, baina mugikortasuna ahaztu gabe, bere eremutik kanpora sute edo ezbehar larri bat gertatzen baldin bada eta laguntza beharra badago, bada laguntzera joaten dira, arduradunek hala erabakita.

Parkeak non jarri erabakitzekoan irizpide asko izan behar dira kontuan; inguruan duen biztanlegoarena batez ere, baina baita errepide sarea ere, istripua gertatu den tokira ahalik eta azkarren iristeko modua izan dezaten suhiltzaileek. Horregatik egoten dira beti errepide bazterrean kokatuta eta komunikabide loturetatik hurbil.

Beste herrialdeetan ez da aldaketarik izan azken urteotan zerbitzuaren antolaketari buruz, baina Gipuzkoako Aldundiak berrikuntzen beharra nabaritu eta “Gipuzkoa 20-30” plan estrategikoa onartu zuten Batzar Nagusiek joan den ekainean. Berrikuntza nagusia herrialdea bi eremu nagusitan banatzea izan da; batak Donostia ere bere inguru hurbila hartzen du, eta bigarrenak Gipuzkoako beste lurraldea. Duela hogeita hamahiru urte jarri zen abian suhiltzaile zerbitzua Gipuzkoan, Oñatiko parkearekin, eta ordutik hona asko aldatu da herrialdea, esaterako errepide sareari dagokionez. Bitxikeria bat: suhiltzaile bakoitzak bere zenbaki pertsonala jasotzen du lan honetan hasten denean, kaskoan azaltzen dena, eta “1” zenbakiduna oraindik lanean ari da Oñatiko parkean.

Loading player...

Bederatzi suhiltzaile-etxe daude Gipuzkoan, horietatik zortzi Aldundiaren ardurapean; Donostiakoa Donostiako udalak kudeatzen du. Zortzi parke horietako zazpitan lau suhiltzaile daude txanda bakoitzeko, baina Irungoan seiraino iristen dira, babesten duen eremuan 140.000 pertsona bizi direlako. Iñigo Arruti LABeko ordezkaria da eta pertsonala nola antolatuta dagoen azaldu digu: «Suhiltzaile eta kabo artean 204 langile gara Gipuzkoan, eta gure gainetik sargentuak daude, hamasei. Orduan, kontuak aterata txanda bakoitzean 36 langile gaude txanda bakoitzean zortzi parke horien artean banatuta». Suhiltzaileek 24 ordu jarraian egiten dute lan, eta ondoren hiru egun jai izaten dituzte. Zarauzko parkean, adibidez, lau laguneko sei txandak osatzen dute ziklo bakoitza. Hondarribia, Loiu, Noain eta Forondako aireportuek haien suhiltzaile zerbitzu propioa daukate.

Suhiltzaileen aldarrikapena oso argia da; txanda bakoitzean lau langile egotetik bost edo sei langile izatera pasatzea. Lana egiteko moduarekin zuzenean lotuta dagoen eskaria da. Jo dezagun sute bat piztu dela. Txanda horretan zerbitzuan dauden lau suhiltzaileak joango dira sua amatatzera, baina horietako bat, kaboa, egoera zail horretan antolaketa lanetan arituko da, beste bat kamioiaren bitartez ura ematen arituko da eta geratzen diren biak izango dira mangerak erabilita suari eraso egingo diotenak. «Jende gutxi da. Sua amatatzera sartzen direnak bi bakarrik izanda, barruan edozein istripu gertatzen bazaie laguntzarik gabe geratzen dira. “SOS taldea” deritzoguna izango bagenu berriz, beste bi suhiltzaile egongo lirateke gertaeraren tokian, eta barruan dauden kideei babesa emateaz gain erreskate bat egin beharra badago haiek egingo lukete» diosku Iñigok.

Suhiltzaileen protesten arrazoia hori izan da, taldeak lau kidetik seira, edo gutxienez bostera, pasatzeko erabakia ez hartzea Aldundiak. Horregatik aurkeztu dituzte mozioak suhiltzaile-parkeak dauden herrietako udaletxeetan, EAJri kargu hartuz. Pleno horietara laneko uniformea jantzita joan dira eta hainbatetan tentsioa ere egon da. Zarautzen, esate baterako, EH Bilduk aurkeztutako mozioa Irabazi Zarautzen eta PSE-EEk ere babestu zuten, eta 10-10 berdinketa gertatu zen, baina EAJko alkate Xabier Txurrukaren botoak mozioa atzera bota zuen. Horren ordez, EAJk bere mozio aurkeztu zuen, neurri batean suhiltzaileen eskarien alde eginda, baina «demagogia eta gehiegikeriak alde batera utzita».

Esan bezala, antolaketa berriarekin suhiltzaile-parke batzuk itxi egingo dira eta beste batzuk sortu. Gainera, Donostiako parkearen eta besteen arteko harremana orain artekoa ez bezalakoa izango da, estuagoa baizik, eta hiriburutik kanpoko sute eta istripuetan partehartze handiagoa izango du. Etengabeko erronka da hori suhiltzaile zerbitzuetan: sute handi bat sortzen den tokira herrialdeko beste eskualdeetako suhiltzaileek ere joan behar izan badute, haien jatorrizko eremua babesgabe geratzen da. Egoera horiek nola kudeatu ahalik eta egokien, hortxe erronka, baina garbi dago zenbat eta suhiltzaile gehiago izan lan-taldean orduan eta handiagoa dela erantzuteko ahalmena.

Berrantolaketaren ondorioetako bat suhiltzaile-etxe batzuen ixtea da. Zehazki, Oñatikoa eta Legazpikoa itxiko dira, eta Bergaran parke handi bat eraikiko da. Horrek kezka sortu du Oñatin eta Legazpin, eta azken honetan ere izan da plenorik gaia eztabaidatzeko. Urretxun, Zumarragan, Legazpin… sute bat piztuz gero, Bergaratik etorriko lirateke suhiltzaileak. Zenbat denbora gehiago beharko duten orain baino? Hor eztabaida. Joan den abenduan Legazpiko parke hau itxi beharra izan zuten egun batez, momentu jakin horretan lau langileko taldea osatzerik ez zutelako.

Lurraldearen ezaugarriekin ere zerikusi zuzena dauka zerbitzuaren berrantolaketak. Beste arlo askotan bezala, Mutriku aldea urruti eta baztertuta geratzen da. Hori dela eta, Bergarako parke berria eta Eibarkoa elkarren oso hurbil geratuko liratekeenez, azken hau Elgoibarrera eramateko plana dago, Gipuzkoako mendebaldeko kostatik gertuago geratu dadin.  Helburua da istripuei erantzuteko beharrezko denbora antzekoa izatea herrialde osoan.

Bien bitartean, eta azkeneko negoziazioen ondorioz, Gipuzkoan 48 suhiltzaile gehiago izango dira, alegia, guardiako talde bakoitzean langile bat gehiago. Etorkizunean beste bat gehitzea, hori hurrengo erronka. Orain sartzen joango diren 48 hauek abenduan ireki zen lan poltsaren bidez kontratatuko dituzte. 665 lagun aurkeztu ziren lan poltsan sartzeko. Lan poltsak ordura arte izandako kudeaketa gogor kritikatu izan dute sindikatuek.

Gero eta gehiago dira gizarteak suhiltzaileei eskatzen dien zerbitzuak; ez suteak amatatzea bakarrik, baizik eta trafiko istripuetan laguntzea, uholdeetan, mendiko istripuetan, eta baita uretako erreskateak ere, ibaietan eta. «Duela 33 urteko lan katalogoa eta oraingoa ez dira berdinak. Zabaltzan joan da. Suteak gutxiago gertatzen dira, baina istripuak gehiago, baita sorospen ekintzak orokorrean ere» esan digu Iñigok.

Profesional hauen formakuntzan ere aldaketak gertatzen ari dira. Gaur egun EAEko suhiltzaileen prestaketa nagusia Arkauteko akademian ematen da eta homologatuagoa da. Sei hilabeteko ikastaroa izaten da. Hori bai, suhiltzaile izateko bidea orain artekoa bezalakoa izango da. Aurrena, oposizioak -froga fisikoak eta sikoteknikoak- gainditu, eta ondoren formakuntza espezifikoa jaso. Estatu frantziarren, adibidez, alderantziz izaten da. Akademietan prestatzen dira etorkizuneko suhiltzaileak eta ondoren oposizioetara aurkeztu.

Una nueva aportación llega de la mano de la licenciada en Ciencias de la Información, Concha Aretxaga, en la que defiende el carácter público de EiTB como garantía de información veraz y contenidos de calidad. No obstante, también plantea cambios relacionados con la gobernanza del ente público.

UNA EiTB EN LA QUE QUEPAMOS TODAS Y TODOS
Concha ARETXAGA