Asier Aiestaran

Elezkano II-Rezustak landutako puntua batu dute (22-12)

Emaitzak besterik pentsarazi dezakeen arren, Aspeko bikoteak izerdi asko bota behar izan du defentsan lan mardula egin duten Victor eta Albisuren aurka.

Elezkano eta Rezusta, garaipena ospatzen (Gorka RUBIO / FOKU)
Elezkano eta Rezusta, garaipena ospatzen (Gorka RUBIO / FOKU)

Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxka ireki duen neurketa irabazteko faboritoak ziren Danel Elezkano eta Beñat Rezusta, eta 22-12ko emaitza ikusten duenak garaipen erraza izan dela pentsatuko du, baina Aspekoek beren mailarik onena eman behar izan dute defentsan ikusgarri ibili diren Victor eta Albisuren aurka.

Hasiera bikaina eman diote partidari Baiko enpresakoek. Jon Ander Albisu pilotakada ederrak jotzen hasi da eta Victor ere asmatzen hasi da. 2-5 aurreratu dira markagailuan errioxarrak txokoan egindako tanto on bati esker.

Baina Danel Elezkano apurka-apurka jokoan sartzen hasi da, eta aurkarien opariak baliatuz emaitzari buelta eman diote gorriek azkar. 6-5 aurreratu dira lehenik, eta Albisuk ia errebotera bidalitako pilota baten ostean, 10-6ra ireki dute tartea.

Hortik aurrera aldeak ez dira inoiz lau tantotik beherakoak izan, baina egindako jokaldi bakoitzean lan asko egin behar izan dute irabazleek. Agian adibide onena 15-10ekoa izan da: Victorrek eta Albisuk klase guztietako pilotak eraman dituzte txoko nahiz zabalean, eta azkenean Ataungo atzelariak etsi behar izan du zaletuen txalo artean.

Azken txanpan Danel Elezkano izan da errematean distira berezia izan duena, eta azken lau tantoak segidan eginez –hamaika egindako guztira jokoan eta beste bi sakez– 22-12koa itxi dute gorriek.