naiz

Oiarbide eta Nikolasek Gure Esku Dagoren bozeramaile izateari utziko diote

Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasek Gure Esku Dagoren bozeramaile izateari utziko diote, ia sei urte eta gero. Dinamikaren zuzendaritza kontseiluko kide izango dira aurrerantzean. Lekukoa hartuko duten bozeramaile berriak martxoaren 31n aurkeztuko dira.

Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide, azken giza katearen aurkezpen egunean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide, azken giza katearen aurkezpen egunean. (Gorka RUBIO / FOKU)

2013ko ekainean Gure Esku Dago sortu zenetik izan dira Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas herri dinamikaren aurpegi eta ahots. Orain, bozeramailetzaren lekukoa esku berrietara pasatuko dute, baina dinamikaren barne lanetan jarraituko dute eta Gure Esku Dagoren zuzendaritza kontseiluko kide izango dira aurrerantzean ere.

Martxoaren 31n, Bilboko Euskaldunan egingo den ekitaldian, etapa berri bati ekingo dio plataformak. Egun horretan emanen dituzte ezagutzera bozeramaile berriak eta, era berean, zuzendaritza kontseilua osatuko duten kideak, besteak beste. Bertan izango dira Oiarbide eta Nikolas.

Ekitaldia baino lehen, martxoaren 20an, bi bozeramaileek azken solasaldia eskainiko dute Bilboko Kafe Antzokian. Sei urteen errepasoa egitearekin batera jorratuko dituzte testuinguru politikoaren inguruko irakurketa eta Gure Esku Dago euskal gizarteari egiten ari den ekarpena.

Asteburu honetan, Madrilen

Bestetik, larunbat honetan Gure Esku Dagoko hainbat kide Madrilen izanen dira, ANC eta Omnium Culturalekin batera, espainiar hiriburuan deitutako mobilizazioan. «Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako prozesu judiziala demokrazia akusazioaren eserlekuan eseriarazi du eta, beraz, hiritar guztion eskubdieak daude jokoan», azpimarratu zuen ohar batean.