@gara_mjauregi

Death metalaren jarraitzaileak pertsona «on eta atseginak» dira

Muturreko metalaren jarraitzaileak pertsona biolentoak direla barneraturik duen jende asko dago, maite duten musika mota bera oso biolentoa –doinuz, letraz eta itxuraz– delako. Bada, Australiako unibertsitate batek froga zientifikoa egin berri du eta justu alderantzizkoa ondorioztatu da emaitzetan: death metalaren jarraitzaileak «pertsona atsegin eta onak» dira.

Bloodbath
Bloodbath

Macquaire Unibertsitateko musika laborategiak egindako azken azterketaren emaitza nagusia da muturreko metalaren jarraitzaileak ez direla bereziki biolentoak eta death metalak –generoaren estilorik bortitzena, zalantzarik gabe– ez duela joera biolentorik eragiten entzuten duenarengan. ‘Royal Society Open Science’ aldizkariak eman du azterketa horren berri.

«Fan horiek ez dira insensibleak bortxakeria irudien aurrean. Pertsona onak dira. Ez dira kalera ateratzen inori min edo kalte egitera», adierazi du Unibertsitateko irakasle eta azterketako egile taldeko ordezkari Bill Thompsonek.

Thompsonek eta bere lankideek urteak daramatzate musikak eragiten dituen ondorio emozionalak neurtzen eta ikertzen. Ondorio horiek, bere hitzetan, nahikoa korapilatsuak dira. «Jende askok musika goibelarekin gozatzen du, eta hori nahikoa paradoxikoa da: zergatik egon nahi dugu goibel? Gauza bera esan daiteke kantu erasokor edo biolentoak dituzten musikaren gainean», azaldu du.

Hari horri tiraka, indarkeriaren aurrean jendeak zein sentikortasun mota duen aztertu nahi izan dute, esperimentu sikologiko klasiko bat eginda: death metalaren 32 jarraitzaile eta musika mota hori maite ez duten beste 48 lagun elkartu zituzten, eta bi kantu jarri zizkieten denei: Bloodbath talde suediarraren ‘Eaten’ –kanibalismoari buruzko abestia– eta Pharrell Williamsen ‘Happy’ sonatu eta alaia. Bata eta bestea entzuten zuten bitartean, batere atseginak ez ziren irudiak ikusarazi zizkieten.

Modu horretara, indarkeriazko irudi horiek kantu batekin eta bestearekin lagunduta nola ikusten zituzten neurtu zuten; ea irudi horiekiko sentiberatasun mailak gora edo behera egiten zuen bata edo bestea adituta. Eta ez zen halakorik antzeman, ez metalzaleen artean ezta gainerakoen artean ere.

«Musika indartsuaren zaleak insensibleak balira bortxakeriaren aurrean, guraso askok, erlijio taldeek eta zentsura zaleek esaten duten bezala, antzemango genuen ikerketan. Eta ez da kasua», nabarmendu du Thompsonek. Baina gehiago ere ondorioztatu dute: «Musika mota honen aurrean dagoen erantzun emozionala pozarena eta boterearena da. Eta musika hau entzutea eta entzuketa hori esperientzia eder bilakatzea, nire ustez, harrigarria da».