Hainbat alderdi eta sindikatuk «kezka» agertu dute Venezuelaren egoeraren aurrean

EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza-IU, PCE-EPK, Antikapitalistak, ELA, LAB, CCOO, EhNE, ESK, Etxalde, HIRU eta Steilasek, ohar baten bidez, haien «kezka» agertu dute Venezuelak bizi duen egoeraren aurrean. Era berean, Venezuelaren «subiranotasunaren, bere gobernuaren eta bere instituzioak errespetatzeko» deia egin dute.

naiz|2019/03/15 10:58
_komiteak
Manifestación celebrada en Bilbo en solidaridad con Venezuela. (@komiteak)

Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta erakundek «kezka» agertu dute erakutsi dute Venezuelako Errepublika Bolivariarraren egoeraren aurrean. EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza-IU, PCE-EPK eta Antikapitalistak alderdiek eta ELA, LAB, CCOO, EhNE, ESK, Etxalde, HIRU eta Steilas sindikatuek sinatu dute agiria.

«Duela hilabete baino gehiago emandako Kanpo esku-hartzeak muturreko egoera batera eraman du Venezuela eta, azken egunetan, herrialdeak pairatzen duen blokeoa gogortzea eta gerra-eskalada arriskutsu bat emango direnaren zantzuak ikusi ditugu», adierazi dute.

Honen aurrean, Uruguai, Mexiko, Bolivia eta Karibeko 14 herrialdeek «elkarrizketaren eta bakearen alde» egiten ari diren ahalegina txalotu dute eta, sinatzaileek, «haien espazio eta roletatik, eskualdean eta munduan bakea helburu duten elkarrizketa eta negoziazio politikoei lagunduko diegu eta atzerriko esku-hartze militarra saihesteko eta salatzeko konpromisoa» erakutsi dute.

Hala, Venezuelaren «subiranotasunaren, bere gobernuaren eta bere instituzioak errespetatzeko» deia egin dute, eta era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea «errespetatzea».