Kalean da ‘Deklaratzekorik ez’, Beñat Sarasolaren lehen eleberria

Senide eta lagunez inguratuta aurkeztu du gaur goizean ‘Deklaratzekorik ez’, bere lehen eleberria Beñat Sarasolak. Euskal gatazkaren «ajea eta ondorena», harreman afektibo korapilotsuak, zaintza-lanen lotura eta iraganaren zama dira kontakizuna harilkatzen dute katebegiak.

Amalur Artola|2019/03/15 16:50
20190315_sarasola
Sarasola, gaur goizeko aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Literatur mundua aski ezaguna du Beñat Sarasolak. Poesian trebatua, “Kaxa huts bat” (Susa, 2007) eta “Alea” (Susa, 2009) olerki bildumak ditu argitaratuak eta, kritikati lanetan aritzeaz gainera, ‘Sautrela’ literatur saioko gidari izan zen bere azken txanpan.

Gaur, baina, bestelako proposamen batekin bildu da Donostiako Pandora tabernara: ‘Deklaratzekorik ez’ (Susa), bere lehen eleberria aurkeztu du senide eta kultur arloko lagunen abaroan. «Nire buruari esan nion 40 urtera arte ez nuela nobelarik idatziko, gauza temerarioa dela hori, James Salter-ek esaten zuen bezala. Baita, hasiz gero, ez niola inori aitortuko idazten ari nintzenik ere», aitortu du idazle donostiarrak, baina, gauzak zer diren, bere buruari «traizio bikoitza» eginda argitaratu du lehen fikziozko eleberria.

Nobelaz ezer gutxi aurreratu nahi izan du, «irakurlea ez baldintzatzeko», eta Harkaitz Cano izan da nobela kokatu duena. «90eko hamarkadan kale borroka besarkatu zuen belaunaldi baten ajea eta ondorena» irudikatzen du, Canoren hitzetan, eleberriko protagonista den lagun taldeak. «Garai hura kudeatzea dagokie, garai haien oihartzuna ez baita egundo itzali».

Euskal gatazka deitu izan dena da, beraz, eleberriko eszenatokia eta tramaren lerroetako bat, baina ez bakarra. Eri dagoen aitaren zaintzaz arduratu beharra, harreman afektibo korapilotsuetara bildu izana –bikotea 500 kilometroko distantzian egoteak ez dio onik egingo lehenik zartatua zegoen harremanari– eta iraganeko gertakarien berritze derrigortua dira eleberriaren zutoinak.

Enpatiatik ihesi

Protagonisten izaera eta ekintzak ahoan hartuta, «ez naiz pertsonaiek diotenaren erantzule egingo», ziurtatu du Sarasolak, ‘Deklaratzekorik ez’ eleberrikoak ez baitira pertsonaia “sinpatikoak”, irakurlearen enpatia bereganatzen dutenak. «Pertsonaia hauek gauza bat esan eta bestea egiten dute, ez dira eredugarriak. Bizitzaren zurrunbilo horretan ahalik eta bizitza errazena izaten ahalegintzen dira, gu gehientsuenak bezala; ahal duguna egiten dugu, alegia», esan du. Hala, diskurtso politiko «gogorrak» topatuko ditu irakurleak, «nobelak erakusten baitigu badela beste errealitate bat gurearekin talka egiten duena. Zimur edo zikinkeria horiek gordin samar azaltzen saiatu naiz, baina gordinkerian erori gabe», azaldu du.

Azkenik, «fikzioaren aldarrikapena» egiten ahalegindu dela ere ziurtatu du, «irakurketa sinplista, erraz eta panfletarioetarako joera baitugu». «Fikzioa deserosoa izan daiteke, puntu anbiguo bat badu. Zaila izan daiteke interpretatzea irakurtzen ari zarena eta irakurle batzuentzat deserosoa izan daiteke», aipatu du, eta nobelak «kutsu lazgarri hori» baduela aitortuta ere, «pertsonaia errealista batzuekin nobela errealista bat egiten» ahalegindu dela ziurtatu du. «Eta, errealitatea mingarria den heinean izan daiteke nobela mingarria», jarri du azpimarra.

Emaitzarekin gustura, «gaur egun eman dezakedan guztia» eman duenaren lasaitasunez mintzatu da Sarasola, eleberriak laztasunetik bai baina umoretik ere baduela gaineratuz, eta irakurlea kontakizunean murgiltzera gonbidatu du: «Historiaren beltzaren erdian badago arnasarik ere, eta uste dut nobelaren bukaerara heltzen denari ez zaiola horren zapore iluna geratuko».