NAIZ
BAIONA

Moriba Koivogui gazte ginearraren aldeko crowdfunding kanpainak emaitza eman du

Paueko Administrazio Auzitegiak duela urtebete Baionan bizi den Moriba Koivogui migratzaile ginearra adinez nagusitzat hartu zuen joan zen otsailean. Berehala defentsak zein etorkinen alde jarduten duten hainbat eragilek borroka judiziala jarraitzeko asmoa azaldu zuten, Kasazio Auzitegian errekurtsoa iragarriz. Horretarako crowdfunding kanpaina martxan jarri zuten. Bizi!-k baieztatu duenez, kanpainak beharrezko babesa (6.000 euro) lortu du.

Moriba Koivogui, Alternatiba ekimenaren amaiera ekitaldian. (BIZI!)
Moriba Koivogui, Alternatiba ekimenaren amaiera ekitaldian. (BIZI!)

Prozesuan zehar, gazte migratzailearen abokatuari hainbat informazio ezkutatu izana salatu zuen Bizik.

Hala nola, Departamentuak zalantzak agertu zituen gaztearen adinari buruz auzitegiari helarazitako gutun batean. Horrez gain, defentsak aurkezturiko «garrantzi handiko agiria» baztertu zuen jujeak.

Hain zuzen, gazte ginearraren gurasoen heriotza agiria aurkeztu zuen abokatuak. Dokumentu ofizial horren arabera, Koivogui umezurtza da. Bestalde, idatziak haren ama zenaren jaioteguna jasotzen duenez, guztiz lagungarria da gaztearen adina zehazteko.

Hori dela-eta, auzitegiak harturiko erabakia ezagutu eta berehala ebazpenaren aurka kasazio helegitea iragarri zuen mugimenduak. Horrekin batera, dei auziaren denboran defentsak aurkeztu zituen agiriak ez onartzeagatik salaketa ezartzeko asmoa baieztatu zuen.

Horri begira diru-bilketa abiatu zuen mugimenduak. Crowdfunding kanpaina horri helburu bi egotzi zizkion Bizi!-k. Lehenik eta behin, 6.000 euro biltzea desmartxa judizialak ordaintzeko. Helburu hori dagoeneko bete dutela jakinarazi du oraingoan kolektiboak.

Nolanahi ere, diru-bilketa ez da geldituko, bigarren helburua lortzear dagoelako oraindik. Hain zuzen, gaztearen ibilbidea eta oro har etorkin adingabeek pairatzen duten egoera jorratuko duen dokumentala ordaintzeko crowdfunding kanpainak aurrera jarraituko du.