NAIZ

Berri Txarrak-ek kontzertu berezia iragarri du uztailaren 14rako, Kobetamendin

Agur biran murgilduta dago Berri Txarrak talde nafarra eta orain hilabete batzuk eskainitako prentsaurrekoan aurreratu zuen moduan, kontzertu berezia eta handia eskainiko dute inor kanpoan gelditu ez dadin. Badu data eta tokia: uztailaren 14an Kobetamendin.

Berri  Txarrak taldeak joan den urteko sanferminetan eskainitako kontzertua. Idoia ZABALETA/FOKU
Berri Txarrak taldeak joan den urteko sanferminetan eskainitako kontzertua. Idoia ZABALETA/FOKU

Joan den urteko abenduan Berri Txarrak taldeak etenaldi mugagabea iragarri zuenetik aretoak leporaino betetzen ari dira ematen duten kontzertu bakoitzean. Agur biran murgilduta dauden honetan, kontzertu berezi eta handia iragarri du talde nafarrak. Uztailaren 14an izango da, Kobetamendin (Bilbo). Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 12.00tatik aurrera. Aurreko hiru egunetan, uztailaren 11, 12 eta 13an BBK Live jaialdia ospatu da toki berean.

 

Taldeak bere web orrian iragarri duenez, 2019an Euskal Herrian eman beharreko kontzertu guztietarako sarrerak ordu gutxitan agortu zirela kontuan hartuta, «inor kanpoan utzi beharko ez lukeen emanaldia» eskaintzea erabaki dute. «Ez-ohiko saioa izango dela ere aurreratu diezazuekegu, Ikusi Arte Tour biran eskaintzen ari garenetik ezberdina. Laster informazio gehiago helaraziko dizuegu.», gaineratzen dute.

Otsailetik hona Euskal Herriko arteko ezberdinetan eman ditu kontzertuak Berri Txarrak-ek, guztietan sarrerak agortuz. Asteburu honetan berriz Europako birari ekin diote, besteak beste Bordele, Paris, Amsterdan eta Berlinen joko dute. Hurrengo hilabeteetan, Estatu Batuetara eta Mexikora ere bidaiatuko du hirukoteak. Udaran aldiz, jaialdi ezberdinetan hartuko dute parte Madrilen, Bartzelonan eta Viveiron, gero Asia aldera salto egiteko.