Bukatzear, baina akitu gabe: Harrera izugarria egin dio Durangok Korrikari

Indartsu eta emozioz erantzun dio Durangok Korrikari. Euskararen aldeko ekimen erraldoi honen hamargarren eta azken aurreko eguna izanagatik ere, gogotsu baitziren euskararen alde "Klika" egin duten korrikalariak.

Maddi Txintxurreta|Durango|2019/04/13 21:40
Durango
EHEko ordezkariak lekukoa eramaten (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Erakustazokaren parean zain zegoen Unai durangarra, eta esan du Korrika «euskaraz ikasten ari diren guztiendako omenaldi bat dela», eta «denek dutela lekua ekimen honetan», azken hamar egunetan argi erakutsi den bezala.

Zain zeuden, baita ere, Markel Sanchez eta Maite Agirre, Durangoko Berbaro aisialdi elkarteko kideak biak. 30 urte bete ditu aurten Durango euskalduntzea xede duen talde honek, eta lekukoa hartzeko minutu gutxiren faltan, urduri baina gogotsu zeuden biak. Anboto Durangaldeako komunikabidearekin eta Plateruenarekin elkarbanatu dute 2.332. kilometroa, eta Herriaren Eskubidea udal-taldeari eman diote lekukoa. Minutu gutxiren buruan, tropel izugarriak hartu du Durangoko Landakoko etorbidea, lekukoa aurretik eta ehunka pertsona, saltoka, atzetik.

Herriko alde zaharrera sartu dira eta kale estuetan justu-justu kabitu dira denak, gazte eta helduak, amaierarik ez zuela zirudien Korrikan. “Ttipi ttapa, ttipi ttapa, Korrika!” oihu egin dute, arnasestuka zeuden batzuk baldin baziren ere. Santa Ana eliza atzean utzita, Artekalea kaletik gora abiatu da tropela, txalo eta aldarri artean, preso politikoak gerturatzeko banderolak eskuetan, banderola feministak, eta beste. Eguraldia lagun eta ordutegia ere bai, durangarrek ez dute aitzakiarik izan parte-hartzeko, eta ehunka bildu dira euskararen alde.

Durango atzean utzita, Iurreta igaro eta Zornotzarako bidea hartu du Korrikak, jakinik ekimen erraldoi honen azken jaia gerturatzen ari dela, Gasteiz helmuga, Gasteiz euskararen akuilu. Bihar argituko du AEKk zein den hamaika egunetako eta 2.562 kilometrotako bide luze honetan testiguak gorde duen mezua.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK