Faxismoaren oldarraldiari aurre egiteko, ezker subiranisten arteko konplizitatea bilatu nahi du LABek

LABek ere ezkerreko eragile ezberdinen arteko aliantzen aldeko apostua nabarmendu du Aberri Egunerako aurkeztu duen adierazpenean. Patronalari aurre egiteko grebak ezinbesteko estrategia direla ziurtatu du. Faxismoaren gorakadari aurre egitea eta kapitalismo heteropatriarkalarekin bukatzea dira sindikatuaren ildo nagusiak.

NAIZ|Donostia|2019/04/15 13:40|0 iruzkin
Aberrieguna2018irun%cc%83ea
Iaz Aberri Egunean egin zen manifestazioaren irudia.(Iñigo URIZ / FOKU)

«Faxismoari eta kapitalari aurre egin behar diegu lantokietan, kalean eta hautetsontzietan», adierazi du LABek eta horretarako ezkerreko subiranismoa «indartu» behar dela ohartarazi du. Ezkerreko eragile politiko, sindikal eta sozial subiranisten arteko konplizitatearen aldeko joera adiera du eta Europa zein Estatu espainoleko gorteetako hauteskundeetarako erdietsi diren aliantzak norabide egokian egin direlakoan dago LAB.

Prekaritateari eta «bizi dugun inboluzio egoerari aurre egiteko» hiru ezaugarritan jarri du arreta: lantokietan borroka sindikalerako gaitasun handiagoa izatea, langile klasearen batuketaren alde egin eta eraldaketa sozialaren aleko borrokan dauden eragileen arteko aliantzak sustatzea eta demokrazia eta burujabetzaren aldeko urratsak ematea.

Patronalen presioei erantzuteko estrategiarik onenak grebak direlakoan agertu da eta hauen eraginkortasuna bilatzeko «ezinbestekoa da lan gatazkak sozializatzea, gatazkan dauden langileekiko enpatia giroa sortu eta elkartasuna bilatzea, instituzioak interpelatzea eta greba osagarrituko duten bestelako dinamika batzuk sustatzea».

Artikulazioan asmatzeko erronkak

Faxismoaren eta kapitalaren oldarraldiak demokrazia falta areagotu duelakoan dago LAB eta honen ustez «euskal langileok ez gara demokrazian bizi». Testuinguru honetan bi aukera sortzen direla zehaztu du: beldurra nagusitzea eta babes mekanismo gisa jarrera kontserbadoreak nagusitzea; edo, «sistema bidegabe honi hortzak erakutsi eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka indartzea».

Bigarren aukeraren aldeko estrategian sinesten du LABek –«erasoei agenda propio batekin erantzuten ari gara»– eta plan horren barruan EAEn estatus politiko berria funtsezko ikusten dute, «enplegu eta babes sozialetan ahalmen legegile osoa eta eskuduntza guztiak ditugula ziurtatuz». 

Nafarroaren kasuan, erregimenaren mehatxuaz ohartarazi dute, maiatzaren 26ko hauteskundeak gertu dauden honetan; eta beraz, lehen erronka erregimena instituzioetatik kanpo mantentzea da.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, 2017an sorturiko Euskal Elkargoa urrats politiko garrantzitsua dela baloratu dute baina, era berean, sozialki «bide oso» bat egiteke dagoela gogorarazi du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK