Eragileek, zeudenek eta gehitu direnek, hartutako konpromisoak, 21. Korrikaren legatua

«Ikaragarria izan da: Korrikak hazten jarraitzen du!». Horixe, ekimenaren 21. edizioaren lehen balorazioaren titularra. Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak egin dute, AEKren Artezkaritza Kontseiluarekin batera.

NAIZ|2019/04/15
Korrika
Korrikaren amaiera ekitaldia, atzo Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Asier Amondo arduradunak baieztatu duenez, 21. Korrika benetan arrakastatsua izan da, bai hiriburuetan eta eskualde jendetsuenetan bai herri txikietan; Euskal Herri osoan, alegia. «Korrika, euskararen aldeko ekimen erraldoia bezain eroa, maitatuena da Euskal Herrian».

Sekulakoa izan da azarotik, aurkeztu zenetik, eta azken hamaika egunetan, jaso duen babesa; oraindik ere harrigarria da ikustea Korrikak jendartean eragiten duen pasioa. Eta 21.Korrikak hazten jarraitu du, sustatzaileek erran dutenez.

Balorazio zehatzagoetan sartzeko garaia aitzinerago iritsiko da, 22. Korrika erarik egokienean antolatzeko, baina Asier Amondok dagoeneko nabarmendu du parte-hartzean eta jarraipenean gora egiten jarraitu duela, aurrekoak gaindituz.

Sektore berri batengana ailegatu da

Mertxe Mugikak agertu du arrakasta horren barruan dagoela jendartearen sektore berri batengana iritsi ahal izana; adibidez, orain arte zuzenki parte hartzen ez zuten gizarte-eragile batzuekin harreman sendoagoak izan dira edizio honetan. Aktore gehiago azaltzen dira euskararen normalizazioaren aldeko jardunera.

AEKren koordinatzaile nagusiak adierazi duen bezala, klika egitera gonbidatu duen 21. Korrikak utzi duen legatu nagusia izan da gizarte-eragileek, zeudenek eta gehitu direnek, hartu dituzten konpromisoak. Albaolako eta Bastidako ekitaldiekin abian jarritako 'Aro berriari klika' ekimenak erakutsi du Korrikak argazkietatik urratsetara bidea urratu nahi izan duela. Norbanakoak, eragileak, eta erakundeak: eginez, eraginez, eginaraziz; Maialen Lujanbiok, lekuko barruko mezuaren egileak ongi adierazi bezala, euskarak egon behar du herri honen sistema eragilean.

Horregatik, AEK-k euskaldunei jakinarazi die Korrika egiten jarraituko dutela, edizio berriak eta berrituak, Euskal Herriari ekimena tresna moduan eskainita, euskararen aldeko olatua handitzen jarraitzeko, euskararen normalizaziorako xedea erdiesteko.

Koordinatzaile nagusiak AEKren eta Korrikaren beraren helburu nagusiak oroitu ditu. Eta adierazi du kezkagarria litzatekeela, xede horietan, 22. Korrika abian jartzea aurrerapauso esanguratsurik egin gabe. «Alde batetik, ezagutzaren unibertsalizazioa azkartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriekin nahiz heldu aroarekin; bestetik, Euskal Herri osoko euskaltegiek eta herritarrek, euskara irakasteko eta ikasteko, jasotzen dituzten diru-bitartekoak direla eta, hazkundeak agerikoa izan behar du», azaldu du.

«Ezinbestekoa da 22. Korrika bestelako baldintzetan egin ahal izatea», ondorioztatu du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK