Europa Pressekin izandako elkarrizketan, Oskar Goitia Mondragoneko nazioarteko presidenteak azaldu du uneotan dituzten ezbaien artean gehien kezkatzen dituena Brexitaren eragina dela, Erresuma Batuko merkatua inportantea delako Mondragoneko kooperatibentzat.
Zehazki, kasik 350 milioi eurora iritsi ziren joan den urtean bertan egin zituzten salmentak. 600 lagun ditu han lanean Korporazioak, hiru lantegitan banatuta, Maier, Danobat Group eta Orona. Horietaz gain, 13 filial komertzial ditu.
Kezka handia dute Mondragonen, batez ere berriro atzeratu delako Brexitaren prozesuaren amaiera eta horrek zalantza ekartzen duelako. Bruselak urriaren 31 arteko epea eman dio Erresuma Batuari irtenbide negoziatu bat lortzeko.
Logistika eta salmentak
Mondragon Korporazioak logistikan eta salmentetan espero ditu eragin kaltegarrienak. Zaila da, nazioarteko presidentearen arabera, akordiorik gabeko Brexita gertatzen bada eraginak zeintzuk izango diren neurtzea, baina momentuan logistikako hornikuntza arazoak sor daitezke, eta Mondragonen kooperatiben bezeroen produkzioa eten daiteke. Horrek «bertako esportazioa geldituko luke». Enpresak horretarako «prest» daudela adierazi du, hala ere.
Adibidez, agertu du epe laburrera salmentak jaitsiko liratekeela, produktuek, bereziki automobilgintzakoek, aduanarik gabeko bide logistiko azkarrak behar dituztelako. «Hori izango litzateke ondoriorik esanguratsuena, baina epe ertainera hori kudeatzeko beharrezko akordioak lortzea espero dugu», erantsi du Oskar Goitiak.