NAIZ
DONOSTIA

Hiri «oparoa», etxebizitza eta pertsonak, Eneko Goiaren hauteskundeetarako ardatzak

Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaiak maiatzaren 26ko hauteskundeetara eramango duen programa aurkeztu du. Bost ardatz izango ditu: «hiri oparoa», etxebizitzaren beharra, pertsonetan oinarritutako hiria, hiri «erreferentea» eta kudeaketa eraginkorra.

Eneko Goiak maiatzaren 26ko hauteskundeetarako jeltzaleen programa aurkeztu du. (EAJ)
Eneko Goiak maiatzaren 26ko hauteskundeetarako jeltzaleen programa aurkeztu du. (EAJ)

Bost ideia horietan oinarritutako hauteskunde-programa aurkeztu du gaur goizean Miramonen Eneko Goiak. Azken asteetan hainbat eragilerekin egindako programa dela esan du eta hiritarrek ere proposamenak eta ekarpenak egin dituztela erantsi. «Horiei guztiei esker auzoak eta pertsonak protagonistak diren programa orekatua osatu dugu», adierazi du.

Egitarauaren ardatzei buruz, EAJren hautagaiak nabarmend du Donostiak aberastasuna sortzeko, talentua erakartzeko eta produkzio sare garrantzitsua mantentzeko gai izaten jarraitu behar duela. Langabezia-tasa %5era gutxitzeko lan egingu duela ere esan du.

Etxebizitzari buruz, 4.000 etxebizitza sortzeko proposatu du, horietatik 2.000 jabetza publikokoak. Modu horretan, Antzieta, Sarrueta, Lorategi Hiria, Aldakonea, El Pilar, Illarra, Infernua edo Jolastokietako garapenei esker etxebizitza beharrari aurre egiteko aukera berriak sortuko direla iragarri du.

Horrekin batera, Loiolako kuartelak dauden lur-sailak hiriarentzat berreskuratzeak ere lehentasuna izango du Goiarentzat, «besteak beste 1.500 etxebizitza sortzeko aukera emango lukeelako».

Alkategai jeltzalearen beste erronka batzuk izango dira gizarte zerbitzuen sarea hobetzea, kirol instalazioak, kultur etxeak eta zahar etxeak, eta «oinezkoak protagonistak izango diren» Donostia baten apustua.

Donostia kultura, gastronomia eta giza eskubideen alorrean erreferente izatea ere nahiko luke Eneko Goiak, «beti bere nortasunari eta hizkuntzari, euskarari, uko egin gabe».

Azkenik, udal finantzen kudeaketa «eraginkorra eta gardena» egitea du helburu, «udal zerbitzu guztiek hiritarrei eskaintzen dieten arretan jauzi kualitatibo bat eginez». Kargu publikoen kode etiko bat eta zerbitzu publikoen printzipioen kodea egitea ere proposatu du.