NAIZ

Pasaian ekingo dio KAE 1 Ligak, ekainaren 15eko asteburuan

Ekainaren 15eko asteburuan Pasaiako uretan hasi eta abuztuaren 25an Bilbon amaitu. Egutegi hori izango du aurtengo KAE 1 Ligak; tartean, 17 estropada eta horien lehian arituko diren hamabi talde.

Pasaian erdietsi zuen Santoñak KAE 1 Ligarako igoera. (Gorka RUBIO/FOKU)
Pasaian erdietsi zuen Santoñak KAE 1 Ligarako igoera. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ezagutzera eman da KAE 1 Ligak, estropadetako bigarren mailak, aurten izango duen egutegia. Hala, aurreratu daiteke jada liga ekainaren 15eko asteburuan hasiko dela, Pasaian. Bi egunez arituko dira bertan –15 eta 16an– lehian arituko diren hamabi taldeak.

Orotara, 17 estropada izango ditu Ligak; Bilboko itsasadarrean lehiatuko da azkena, abuztuaren 25ean, ‘Villa de Bilbao’ banderaren lehiarekin.

Camargo eta Santoña kantabriarrak eta Donostiarra B eta San Juan, Eusko Label Ligatik jaitsia, izango dira aurtengo denboraldiko aurpegi berriak. Isuntza, Astillero –mailaz igoak–, Portugalete eta San Juan B –KAE 2 Ligara jaitsiak– taldeek utzitako lekua beteko dute hauek.

Aipatutako taldeez gain Arkote, Deusto, Pedreña, Getaria, Hibaika, Zarautz, Zumaia eta Lapurdi arituko dira denboraldi honetan KAE 1 Ligan.

KAE 2 Liga, bere aldetik, Erandion abiatuko da, ekainaren 16an, eta Colindresen amaitu, abuztuaren 24an. Hamaika talde arituko dira lehian: Bermeo, Elantxobe, Portu-Deusto, Getxo, Portugalete, Castreña, AN Castro, Mutriku, Hondarribia B, Orio B eta San Juan B. Ez dira uretan arituko aurtengoan, berriz, San Pedro B, Colindres, Laredo eta Lutxana.

Hamahiru estropada jokatuko dituzte orotara, eta igoera eta jaitsiera play off-ekin amaituko dute denboraldia; abuztuaren 25 eta 31n jokatuko dira hauek, baina zehazteke dago non.