Ion SALGADO

Josu Urrutikoetxearen askatasuna aldarrikatu dute ehunka lagunek bere jaioterrian, Ugaon

Ehunka lagun bildu dira Ugaon Josu Urrutikoetxea aske utz dezatela aldarrikatzeko. Sortuk atxiloketa salatu du eta dei egin die estatuei, «behingoz estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua egin dezaten».

Euripean burutu da manifestazioa Ugaon. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Euripean burutu da manifestazioa Ugaon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ehunka lagun bildu dira gaur arratsaldean Ugaon Josu Urrutikoetxearen atxiloteka salatzeko eta bere askatasuna aldarrikatzeko. «Elkartasunik beroena adierazi nahi diegu bere senide eta lagunei. Urte luzeetako Josuren jardunbideak bere ingurukoengan eragin zuzena izan du eta izango du», adierazi du Ibon Arbulu Bizkaiko arduradun politikoak, Sortuk burututako manifestazioaren bukaeran.

Salatu duenez, Urrutikoetxearen atxiloketak, «beste behin ere agerian uzten du askotan esan duguna: zoritxarrez, herri honetan eta bi estatuetan oinarrizko eskuideen gainean eraikitako agertoki demokratikoak eta honek ekarriko lukeen benetako bakeak etsai boteretsuak izaten jarraitzen duela». «Atxiloketa honekin, bi estatuek benetako bake oso, justu eta iraunkorraren aldeko apustuan oztopo izateko bokazioa dutela adierazi dute, bake horri sekulako beldurra diotelako», erantsi du.

Eta «jarrera oztopatzaile honen aurrean», Arbuluk gaurkoan balioan jarri du Urrutikoetxearen «ekarpena». «Bere interes pertsonalen gainetik, herri interesak lehenetsiz, konponbide osoaren eta benetako bakearen aldeko konpromisorik handiena duen euskal herritar konprometitua eta arduratsua dela erakutsi digulako», azaldu du, estatuen «biolentzia estrukturala» kritikatu ostean.

«‘Una grande y libre' horren izenean, Estatuak bortizkeriari etengabean eutsi dio eta egun eusten dio. Estatuaren biolentziek indarrean jarraitzen dute, dispertsioaren politika kriminala eta hiltzailea indarrean da, gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzeko erabaki politiko hiltzailea hor dago... onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelatoa inposatzea ere biolentzia da, eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko bestelako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia da», nabarmendu du.

Arbuluren ustez, «Estatuak ondotxo daki zergatik aplikatzen duen biolentzia estruktural hori. Estatuak badaki herri honek baduela borondatea, determinazioa eta konpromisoa etorkizunean Euskal Herrian benetako agertoki demokratikoa eraikitzeko. Estatuak badaki dagoeneko Euskal Herriko zazpi lurraldeetan baldintza politiko historiko berriak sortarazten goazela bide horretan aurrera egiteko. Eta Estatuak badaki, gero eta jende gehiagok partekatzen duela Euskal Herrian presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko eszenatokia heldu arte ez dela inoiz benetako bakerik izango», esan du.

Amaitzeko, dei egin die estatuei eta PSOEri, «behingoz estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua egin dezaten. Egin diezaiotela behingoz bere biolentziari uko. Egin dezatela behingoz apustu demokraziaren alde, bakearen alde... azken finean, herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde». Izan ere, «erasoak eraso, oztopoak oztopo, ez estatuek, ez bakearen etsai amorratuenek ere, ez dute lortuko horri honen determinazioa galaraztea. Ez zuten lortu 1936an, ez zuten lortu 1978an, eta oraingoan ere ez dute lortuko!».