Elkartasuna nagusi Sakanan burutu den Lasterbidean lasterketaren VII. edizioan

Lasterbidean-eko VII. edizioa gauzatu da gaur Lakuntza eta Arbizun, «Leisterka denak itxaa!» lelopean. Jon Gurutz Maiza presoaren gertukoek jantzi dute lehenengo zenbakia zeraman dortsala.

Ion SALGADO|2019/05/19 17:25
20190519_lasterbidean
Gaur gauzatu da Lasterbidean-eko XII. edizioa Sakanan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Korrikaren kirol eremutik jaiotako euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena da Lasterbidean, kirol eremuan ari den jendeak antolatzen du urtero urtero lasterketa. Gaur Lakuntza eta Arbizun ospatu da zazpigarren edizioa, "Leisterka denak itxaa!" lelopean.

Eguerdian Arbizun burutu den ekitaldian Etxareteko kideek eskerrak eman dizkiete parte-hartzaileei, ikusleei, laguntzaileei eta Sakanara etorritako guztiei. «Gure buruari erronka garrantzitsua jarri genion; lasterketa luze eta txikiaren artean 1.500 korrikalari biltzea. Zorionak marka guztiak gainditzen ari garelako urtez urte! Zorionak gaur egindako kilometroak urrunketarekin eta dispertsioarekin amaitu ahal izateko kilometroak direlako! Elkartasun eta maitasunez beteriko kilometroak dira gaur hemen zeharkatu ditugunak!», nabarmendu dute, eta «azkeneko preso eta iheslaria etxean egon arte halako ekimenak antolatzeko konpromisoari eusten» diotela adierazi dute.

Gaurko lasterketan Jon Gurutz Maiza presoaren gertukoek jantzi dute lehenengo zenbakia zeraman dortsala. Lannemezango espetxean dago Maiza, eta larriki gaixorik dauden presoen zerrendan dago. Ikusmen arazoak, diabetesa, dislipemia, hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra ditu eta ia 70 urte ditu. «Bere egoera horrela izanik, etxean beharko luke bai ala bai!».

«Maizarekin batera, gainontzeko preso etxarriarrak ere gurekin daude gaur, haien oroimenaz eta presentziaz margotu ditugu dortsalak. Altsasuko presoez aparte, sei preso ditugu kolektiboan, Asier Karrera, Juan Ramon Karasatorre, Luis Mariñelarena eta Unai Parot guztiak Espainiako espetxeetan; eta Oihan Barandalla eta Jon Gurutz Maiza Frantzian. Muxu handi bana! Maite zaituztegu! Lasterbidean! Laster etxean!», gaineratu dute Etxerateko kideek.

Zazpigarren edizioa

Hauek gogoratu dutenez, «laster helmugara iritsiko ginela pentsatu genuen duela zazpi urte Lasterbidean lehenbiziko edizioa burutu genuenean, baina zoritxarrez arinketan darraigu, urrunketari bidezidorra topatu nahian. Eta lasterketa horren baitan, gaur korrika egin dugun bitartean, ehundaka senide eta gertukoak espainiar eta frantziar errepideak zeharkatzen ari dira».

«Sakabanaketa eta urrunketaren ondorio latzenak jasan dituzten 16 senide eta lagunak gogoan izan nahi ditugu egun berezi honetan. Sakabanaketak eraildako 16 senide eta lagun horiei gure omenaldirik beroena!», esan dute, eta gaur Arbizun eta Lakuntzan elkartasuna eta esperantzaren kolorea gorria izan dela ohartarazi dute. «Hamaika pauso ditu  elkartasunak eta korrika aurrera goaz, herri gisa, premiazkoa delako benetako bakearen aldeko bideak irekita aurkitzea».