Berri Txarrak taldeak jasoko du aurtengo Adarra Saria

Lekunberriko hirukoteak jasoko du aurten Donostiako Udalak ematen duen Adarra saria, «ibilbide artistiko eta profesionala eta euskal nahiz nazioarteko publikoarengan duen eragin izugarria» aitortzeko. Ekainaren 21ean jasoko dute saria, Eneko Goia alkatearen eskutik, Donostiako udaletxean, eta, egun berean, 20.00etan, kontzertua eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian.

NAIZ|DONOSTIA|2019/05/20 11:17
Btx-bec
Berri Txarrak, 2018ko martxoaren 17an, BECen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kultura erakundeko Komunikazio zuzendariak osatutako aholku batzordeak hartu du erabakia Adarra saria Gorka Urbizu buru duen taldeari emateko.

Donostiako Udalaren arabera, Berri Txarrak taldearen emanaldiek «arrakasta handia izan dute herrialde askotan eta taldeak milaka jarraitzaileei eskaini dizkie kontzertuak bost kontinenteetako agertokietan».

Horren adibide gisa aipatu dute ‘Ikusi arte’ birarekin lortzen ari diren arrakasta, azken bira honetan Europako eta Amerikako hiri askotan edukiera txiki nahiz handiko aretoak betetzen ari baitira. 

Taldeak musikarekiko «eduki duen dedikazioa eta euskal kulturarekiko izandako ardura eta errespetua» ere kontuan hartu dituzte, «haien jarraitzaileen artean eragin benetan positiboa duen ezaugarria». 

Marijose Recalde artista nafarraren eskultura bat jasoko du taldeak. Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

2014an jaio zen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat urtero omentzeko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari, 2016an Benito Lertxundik eskuratu zuen, 2017an Fermin Muguruzak eta, iaz, Anarik.