NAIZ

Neska gazteen topaketak izango dira urrian, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministaren atarian

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministaren atarian, «begirada eta bihotz propioz» ekiteko ‘Egin dezagun Topa’ neska gazteen topaketak egingo dituzte urrian.

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egingo dituzte azaroan. ‘Salda badago’ lelopean egingo dituzte Durangon, azaroaren 1etik 3ra. Hitzordu handiaren aurretik, baina, neska gazteek «begirada eta bihotz propioz» ekiteko ‘Egin dezagun Topa’ neska gazteen topaketak egingo dituzte urrian.

«Dagozkigun hausnarketak eman eta ditugun korapilo propioen inguruan hitz egiteko eta konspiratzeko aukera bat» izan nahi dute topaketa hauek. «Geure artean saretu eta indartzeko, jardunaldietara elkarrekin joateko, azken urteetako ibilbideei begiratzeko, autodefentsa feministaren inguruan hausnartzeko, hezkuntzaren inguruan, sare sozialen inguruan, militantzia ereduaren inguruan, mugimendu feministaren subjektu politikoaren inguruan…», aletu dute prentsara bidalitako oharrean.

Topaketen aurretik, ekainaren 21ean herrialdeka aurkezpenak egingo dituzte, herrialdeka sareak sortu eta topaketak antolatzeko. Bilbon, 17.30tan izango da hitzordua Karmelan; Gasteizen, ostera, 18.00etan Gasteizko Gaztetxean; Iruñean, 17.30tan izango da zita Zabaldin eta azkenik, Donostian, 18.00etan Emakumeen Etxean.

11 urte igaro dira Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken topaketak egin zituenetik. Ordutik, bide luzea egin du feminismoak eta «Martxoaren 8aren ondoren, zer?», galdera jaurtia zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak.  Grebek izandako arrakasten ondoren, urrats bat harago joan nahi zuen eta horri erantzutera datoz topaketak.